argia.eus
INPRIMATU
Afrika Erdiko Errepublikako gatazka, multinazionalen interesak “defendatzeko”
Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko abenduaren 13a
Afrika Erdiko Errepublika. (Arg: laproximaguerra.com) Afrika Erdiko Errepublika. (Arg: laproximaguerra.com)

 “François Hollandek barne arazoak konpontzeko daukan gaitasun falta konpentsatu nahi du frantziar kolonialismoaren polizia lanak egiten”. Zorrotz mintzatu dira alderdiko kideak. Eta Frantziako Estatuaren jarrera “inperialista” salatu dute, Le Journal du Pays Basqueri bidalitako ohar baten bidez.

Jada 1.600 soldadu bidali dituela gogorarazi, eta militarizazioak herritarrei “kalte” egiten diela azpimarratu dute. “Botere borrokek bizikidetza tentsioa handitu dute, lehen harmonian bizi zirenen artean tira-birak sortzen”, diote.

Gatazkaren jatorria non dagoen zalantza izpirik gabe seinalatu dute: Multinazionalengan. Haien hitzetan, Frantzian “ezker eta eskuineko alderdien oniritziarekin” lanean jarduten duten enpresa berberak dira errepublikaren baliabide naturalak ustiatzen dituztenak.

Horregatik, merkatuei lotuta ikusten dute gerra: “Herritarrek ez dute deus irabazteko”.

Afrika Erdiko Errepublika, datutan

Arazoaren muina testuinguruan kokatzeko estatuari buruzko datuak kaleratu ditu NPAk. Horien arabera, bost milioi pertsona bizi dira herrialdean; %70 txirotasunaren mugaren azpitik. Hezkuntzari dagokionez, %50 eskolatu gabekoa da. Bestalde, bizi esperantza 44 urtekoa baino ez da.

“Frantziako kolonia izateak utzitako panorama tristearen adibide dira datuak”, kritikatu dute.