Oinez abiatzen dira euren sorterria eta laztanak atzean utziko dituztenak. Oinez , zailtasunak, bortxaketak, lapurretak, bahiketak, eragozpen burokratikoak eta baita ere lagunak eta irribarreak aurkituko dituzte. Oinez zeharkatuko dituzte mugak, herriak, hiriak, basamortuak, errekak eta mendiak euren kontinentea utzi baino lehen. Oinez iritsiko dira gaindiezina irudituko zaien ur hesira. Oinutsik itoko dira, haietako asko, itsasertzean. Beste batzuk, zorionekoak, hondartzaratuko dira igerilari txurien begirada harritupean.
Penintsulako zorua zapaltzerakoan oztopo lasterketari hasiera emanen diote Afrikar iritsi berriek. Hamaika harresi berrik, fisikok eta burokratikok ibilbidea jarraitzea galaraziko diete, esklabutza garaian ozeanoa galeretan zeharkatzen zutenen oinordekoei. Garaiko galeoien jabeak halaber, gaur egungo harresiak altxatzen dituztenen arbasoak ziren. Enpresarioek eta politikariek ederki dakite inongo eskubiderik ez duten paperarik gabekoak edozein lana egiteko prest dauden esklabo berriak direla.
Gure bizimodua, neokolonialismoaren korapiloaren erdian dago. Etxea koloreztatzen duten loreak Kenyarrak dira, sakelakoa pizten duten kolunbita eta tantalita Ruanda eta Kongokoak, azenario “kosmetikoa” apaintzen duen fosfatoa, sahararra, gure berogailua pizten duen gasa, Aljeriakoa, eta platerean dugun xerra Etiopiakoa. Hara! Afrikako ondasunak horiek bai gure bizilagunak!
Batzuen pribilegioek beste askoren eskubideen ukazioa dakarte eta biek batera, paradoxa gordinak. Somaliako arrainak gurean daude salgai, baina itsasertzeko uretan itotzen den Somaliarra da arrainen elikagai. Turistak Kamerungo muga ziztu bizian desagerraraziko du dirua, eta pasaportearen poderioz baina Kamerungo lagunak Melillako hesiaren goiko aldera igotzea lortzen baldin badu, labainen hoztasuna ezagutuko duenez, ez du inoiz gehiago mauka motzeko kamiseta jantziko. Nigeriatik dator, Shellen esku, kotxeen olioa, eta bertan akabatu zuen Shellek Ken Saro Wiva Ogonia, multinazional honen aurka borrokatzeagatik.
Gure bizimodua, neokolonialismoaren korapiloaren erdian dago. Etxea koloreztatzen duten loreak Kenyarrak dira, sakelakoa pizten duten kolunbita eta tantalita Ruanda eta Kongokoak, azenario “kosmetikoa” apaintzen duen fosfatoa, sahararra, gure berogailua pizten duen gasa, Aljeriakoa, eta platerean dugun xerra Etiopiakoa. Hara! Afrikako ondasunak horiek bai gure bizilagunak!
Afrika kontinente txiroa denaren ustea zabaldua bezain ustela da. Aipatu ondasunez gain, urrea, diamanteak, uranio, kromo, kobalto, manganeso, titanio, kobre, bauxita, germanio, radio, estainu, goma arabigoa, europio, niobio eta forio gordetzen ditu bere sabelean, estatu kapitalisten altxor ezkutuak, Afrikak. Hauek guztiak siderurgia, telekomunikazioak, espazioa, farmazia, elikadura eta armagintzaren oinarrizko osagaiak dira. Gure sistema agro-tekno-industrialak baliabideen lapurreta eta esklabutza behar ditu “status quo” mantentzeko. Ondorioz, Afrikar pertsonei altxatzen dizkiegu hesiak, baina Afrikar ondasunei jartzen diegu alfonbra gorria.
Ondasunak berriz, oinez ez datoz. Komertzio librearen aginduei jarraituz,, multinazionalek badute salgaiak munduan zehar aske garraiatzeko eskubidea. Hau bermatzeko CO2ren isurketa eta l(ur)raren suntsiketa areagotzen duten azpiegiturak han eta hemen eraikitzen dituzte. Hauek motordun mugikortasuna errazten duten heinean, lurraldea zatikatu eta oinezkoon urrats askeak oztopatzen dizkiguten hesiak dira. Eta, nola ez, migranteen eskulan merkeak eraikitzen ditu, noski!
Gure armekin piztutako edo elikatutako gerretatik ihesi datorrenak jatorrizko kulturarekin aberasten gaituzte. Kapitalismoaren muina dagoen kolonialismoak ordea, menpeko egiten gaitu. Migranteekin sareak harilkatzea eta kapitalismoarekiko loturak haustea buruasketasunarako urratsak dira. Munduko oinezko guztiak aske ibil eta bizi gaitezen alde antolatzea, multinazionalen, G7 eta eskuin muturraren aurka eraman dezakegun borrokarik eraginkorrenetako bat delakoan gaude.
Amankomunak sareak bere hiruhileko Topaketak otsailaren 23an eta 24an ospatuko ditu Irungo Lakaxitan. Bertan harresirik gabeko mundu baterantzako urratsak elkarrekin emango ditugu.
Amankomunak sarearen partaideak
Beatriz Arana Ortiz.
Josu Pikabea Lertxundi.
Terexa Etxeberria Ansorena.
Amaia Gutierrez Arrieta.
Lucie Peron Barascud.
Stella Zunda.
Igandea Otsailak 24