argia.eus
INPRIMATU
Eztibeltza kooperatiba
“Afizioa ofizio bihurtu zaigu sagardotegiarekin”
  • Baztango sagar mota baten izena da eztibeltza, eztigorri eta eztixuriarekin hirukotea osatzen duena. Iaztik, baina, bertako kooperatiba baten izena ere bada Eztibeltza. Kirikoketa besta, Baztango sagarraren kultura eta Arizkungo Gamioxarrea dolaretxea bultzatzeko lanean urteak daramatzan Jo ala Jo kultur elkartearen "ahizpa" txikia da, nolabait, kooperatiba. “Iaz, Lekarozko Larraldea sagardotegia, Baztango bakarra, hertsi egin zen, eta hura erosteko aukera suertatu zitzaigun. Sagarraren bueltan genuen esperientziari eta gure bizitzei zentzua emateko parada ederra zen”, azaldu du Xabi Torres Letonak, kooperatibako kideak. Sagardotegiaz gain, Gamioxarreko dolaretxea ere kudeatzen du taldeak.

Garazi Zabaleta 2023ko urriaren 30

“Sagardotegia erosteko sos guti genuen. Orduan erabaki genuen hamalau lagunek elkartzea, kooperatiba sortzea eta denon artean erostea”, dio Torresek. Iazko ekainean sortu zuten Eztibeltza, eta abuztu bukaeran erosi zuten sagardotegia. Baztango sagardotegi bakarra zenak, gainera, historia berezia zuen. Duela 30 urte sortu zuten Larraldea, eta produkzioaren zati bat ekologikoan egiten zuen 1995etik. “Euskal Herrian sagardo ekologikoa egiten lehenetarikoa izan zen Lekarozkoa”. Eztibeltzak erreleboa hartu die orain: ekoizpen mistoa da egungoa ere, eta sagarrondoek inongo tratamendurik jaso ez arren, zertifikazioa ekoizpenaren erdiak du.

Hiru lagun ari dira soldatapean: Xabi Torres, Oianko Garde eta Marijo Indabere. Sare zabal baten babesean dihardute, dena den: “Jende asko dugu inguruan, gure logotipoaren azpitituluak dion bezala, ‘auzolanean egina’ baita hau”.

Sagardotegian auzolanean aritu zen jendearekin egindako esker bazkaria. Argazkia: Ondikol.
Baztango sagarren balioa

Aurten Baztango sagarrarekin egindako sagardoz bete dituzte kupelak. “Sagardotegiak ez du lursailik, baina inguruko jendearekin tratuak eginez lortu dugu nahikoa sagar. Erabiltzen ez diren sagardiak lokalizatu, eta haien jabeekin bildu gara”. Elizondon, Iruritan, Arizkunen eta Azpilikuetan bildu dituzte sagarrak, auzolanean.

Kooperatibak, bestetik, badu hektarea inguruko lursail txiki bat ere, eta ehun bat sagarrondo jarri dituzte, bertako barietateak denak. “Hemengo etxeetatik bilduak dira, eta guztira, Baztango 26 barietate daude hor”. Analisi genetiko eta organoleptikoak egiten ari dira, egun erregistratuta dauden barietateekin desberdintzeko. “Hemengo sagar ondarea ezaugarritzeko prozesua izanen da. Ea bihurtzen dugun Baztan bailara sagardogile eta sagardozale!”.