argia.eus
INPRIMATU
Hamaika egun ez, urte osoa hartu dute hernaniarrek euskaraz egiteko
  • Hernaniarrek errodajea dute, eta 2018ari begira pentsatu dute ez direla udazkeneko hotzen zain egongo. Urte osoan saiatuko dira 24 orduz euskaraz egiten. Euskara Ari Du elkartea sortu berri dute horretarako.

Urumeako Kronika 2017ko abenduaren 06a
2018ko erronkaren aurkezpen ekitaldia. Argazkia: Euskara Ari Du elkartea.

Urumeako kronikak, abenduaren 2an, hernaniarren egitasmoaren berri eman zuen, proiektua aurkeztu zuten egunean. Ondoko lerroetan egitasmoa azaltzen duen erreportaje haren zati bat duzue.

Ekimen iraunkorreko proposamena

Pasa den urteko ekimenean 6 astez euskeraz bizitzeko deia egin zuten. Hel­burua zen "euskaldunek euskeraz bizi­tzeko aukerak badituztela eta euskeraz bizitzeko aukera uste baino haun­diagoa dela ikusarazi edo sen­tiaraz­tea", adierazi dute ekime­naren hiru kideek, Juanmari Larrartek, Axun Larburuk eta Joxe Artolak. Ekimenak harrera ona izan zuen, eta baita arrakasta ere. Baina nola gainditu ekimen edo kanpaina puntualak egin eta euskera erabiltzera eta ikastera bideratuko duen ekimen soziala? Bada, iraun­kortasuna bilatu nahi duen egitasmo bat planteatuz. 

"Erronka luze honekin, etena hautsi nahi da; aurreko urteko sei astetako jarraipena izan nahi du", dio Euskara Ari Duk.  Eta hortik aurrera, "bidea luzatzea da helburua; herritarren bizitzan egonkortzea nahiko genuke, euskeraz egitea ohitura bat bihurtuz eta kan­paina baten baitan gaudela ahaztuz".

Hernani, aitzindari

Ideia berritzailea da, beraz, Euskara Ari Du elkarte sortu-berriak herritarrei gaur (abenduaren 2an) eskainiko diena: "Hernani izan­go da aitzindaria Euskal Herrian". Beraz, aurreneko aldiz proposatuko da horrelako erronka bat. Aurreikusitakoaren arabera, urta­rrila bukaera, otsaila hasiera aldera aurkeztuko dituzte euskerari eutsiko dioten aurreneko 100 hernaniarrak. Eta ordutik aurrera, hilero-hilero lekukoa aldatzen joango dira: "hasieran, 100 lagun izango dira, eta hilero beste 100 batuko dira; hortaz, abenduan 1.200 hernaniar arituko dira desafio pertsonal honetan".

"Apustu" gisa deskribatu dute Euskara Ari Du egitasmoa osatzen du­te­nek, eta "dibertigarria" izatea espero dute. Erronkari nolabaiteko ikusgarri­tasuna eta bizitasuna emateko, aurre­ko urtean bezalaxe, lekuko­tasuna esku batetik bestera pasatzeko ekitaldiak egingo dira, baita ere.

Norbanakoen desafioa

2018rako aurkeztu duten erronka, "norbanakoen desafioa" izango da; iaz taldeek, familiek, koadrilek... parte hartu zuten, baina oraingoan, espe­rien­tzia pertsonaltzat hartuko da. "Ohitura batzuk aldatzea da kontua; bakoitzak erabakiko du noiz eta zer egin dezakeen horretarako", azpima­rratu zuten. Eta dei berezia egin nahi diete hitz egin ez, baina euskera ulertzen du­te­nei; izan ere, "ulertzea ere bada hizkuntza erabiltzeko modu bat".

Horren bueltan, nabarmendu zuten pentsatzen dugula "erderaz egiten duenak, ez duela eus­keraz ulertzen". Hain zuzen, iner­tzia horiek hausteko deia egiten dute.

Ikastaroak, ekintzak... denetarik urtean zehar

Bestalde, "herrian mugimendua»" sor­tzea nahi du ekimenak, hori dela eta, otsa­ile­tik aurrera, beste hainbat ekin­tza burutzeko asmoa ere azaldu dute: ikastaroak, ekintza desberdinak...

Euskaraldiarekin, bukaera urteko erronkari

Honekin guztiarekin Hernanik beste pausu bat eman nahi du euskeraren erabileran, urte osoko erronka hone­kin. Eta buka­tzear denean, hain zuzen, Euskal Herri osoan hedatuko den Euskaraldiarekin egingo du bat.

Abenduaren 2an, aurkezpen ekitaldian irakurritako testua helbide honetan aurkituko duzu.

Albiste hau Urumeako kronikak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.