argia.eus
INPRIMATU
Afganistango Gobernuak talibanekin banatu nahi du herrialdearen agintea, matxinoak Kabul hartzetik hurbil daudela
  • Matxinoek beste bost hiri bereganatu dituzte ostiralean. Hiriburua hartzeko bi edo hiru hilabete beharko dituztela aurreikusi du AEBetako Defentsa Departamentuak. Dohako elkarrizketetan, talibanekin eskumenak banatzea proposatu du Afganistango Gobernuak.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 13a

Talibanek beste bost hiri hartu dituzte Afganistanen. Ghazni, Qala-e-Naw eta Herat, herrialdeko hirugarren hiri handiena, bereganatu dituzte lehenik. Azken orduetan, hegoaldeko Lashkar Gah eta bigarren hiri nagusia, Kandahar, okupatu dituztela adierazi du AEBtako Defentsa Departamentuak, The Washington Post-en bidez.

Dawood Laghman Ghazniko eskualdeko gobernadorea atxilotu egin dute Afganistango Gobernuak kontrolatzen duen gunera iritsi eta berehala, yihadistei lagundu izanaren susmopean. Gobernadoreari Kabulera ihes egiteko “segurtasun baimena” eman diotela baieztatu dute matxinoek, eta hainbat agintarik salatu dute talibanekin tratua egin duela Laghmanek lurra beren esku uzteko. Berria-k jaso ditu Tolonews agentziak emandako datuok.

Aurreikuspenen arabera, talibanek bakartuta utzi dezakete Kabul hilabete barru, eta bizpahiru hileren bueltan lortu dezakete haren kontrola. AEBko Defentsa Departamentuak ekainean esan zuen sei eta hamabi hilabete behar izango zituztela yihadistek eremua hartzeko. Azken aurrerapenak ikusita, Afganistango Gobernuak tratua egin nahi du haiekin: “boterea banatzea” proposatu die Dohako elkarrizketetan.

Kabulen negoziazio taldeko Najia Anwarik, eskumenak partekatzeko plana adostera deitu ditu: “Helburua da hori bake elkarrizketetan eztabaidatzea, gerra suntsitzaile honi amaiera emateko akordio politiko bat lortzeko”. Talibanek, ordea, ukatu egin dute Gobernuaren proposamenik jaso izana, haiek “negoziazioaren” aldekoak badira ere.

AEBen egoera

Biden presidenteak apirilaren 14an iragarri zuen AEBko tropak Afganistanetik aterako zituela. Egoera berriaren aurrean, Kabulek aire babesa manten dezan eskatu diote AEBetako Defentsa Departamentuari, baina ezezkoa jaso dute, John Kirby eledunaren arabera, laguntza horiek ez baitira “bideragarriak”. Dena den, AEBek 3.000 soldadu gehiago bidaliko dituzte Kabulera, beren enbaxadako langileak gatazka gunetik ebakuatzeko.

Talibanen aurrerapena

Matxinoek Afganistango eskualdeetako hamahiru hiriburu hartu dituzte azken astean, DW komunikabideak informatu duenez. Guztira, herrialdearen %60-85 inguru kontrolatzen dute, eta 200 barruti, hiru airepotu eta muga pasabide ugari dituzte haien esku.