argia.eus
INPRIMATU
Afganistango bi lagun deportatzea galarazi dute Glasgowen herri harresia eginez
  • Ostegunean Glasgow hegoaldean, berrehun pertsonak baino gehiagok inguratu zuten Erresuma Batuko Mugen Agentziaren furgoneta bat, barruan Afganistandik Eskoziara etorritako bi pertsona zeuden atxilotuta. Erresistentziak zazpi ordu iraun zuen, Poliziak migratzaileak aske uztea erabaki zuen arte.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 14a
Argazkia: PA Media

Ostegun goizean Britania Handiko Immigrazio Kontrolerako Zerbitzuko agenteek Afganistango bi pertsona atxilotu zituzten Glasgow hegoaldeko Pollokshield auzoan. Deportatzeko asmoz, furgoneta batean sartu zituztenean, 200 pertsona inguru bertaratu ziren errepidea blokeatu eta operazioa gelditzeko asmoz.

 "Utzi gure bizilagunak bakean" eta "poliziak auzotik kanpo" oihukatzen zuten ehunka manifestari zazpi orduz egon ziren furgoneta inguratzen. Errefuxiatuen aldeko kartelak zeramatzaten eta gizon bat furgonetaren azpian sartu zen, mugitu ez zedin. Polizia ugari bildu zen bertan.

Azkenean, presioaren aurrean, Poliziak bi gizonak askatzea erabaki zuen: "Britainiar immigrazio zerbitzuek atxilotutako gizonak askatzeko eta oraingoz euren komunitateari itzultzeko erabaki operatiboa hartu du".  Atxiloketa eta protestan parte hartu dutenen "segurtasuna, osasun publikoa eta ongizatea bermatzeko" helburuarekin egin duela adierazi du. 

Poliziak eta Barne Ministerioak ez dute atxilotuen inguruko daturik eman nahi izan, baina Mohammad Asif Afganistango Giza Eskubideen Fundazioko zuzendariak azaldu duenez, "bonba britainiarretatik eta estatubatuarretatik" ihes egindako afganiarrak dira. Barne Ministerioak esan zuenez, gizonak "ustezko migrazio delituengatik" atxilotu zituzten.

Nicola Sturgeon Eskoziako presidenteak adierazi duenez, "oso kezkatuta” dago Barne Ministerioaren ekintzarekin. Atxiloketak, gainera, bere hauteskunde-barrutian egin dituzte. "Nire zerbitzuak premiazko ikerketa egiten ari dira eta atxilotuei beharrezko laguntza emateko prest daude", adierazi du.