argia.eus
INPRIMATU
Afganistanen “ondorioak” egongo direla esan dute talibanek, atzerriko tropek 31rako alde egiten ez badute
  • Abuztuaren 31 “marra gorria” dela adierazi du Suhail Shaheen talibanen bozeramaileak. AEBak eta Erresuma Batua beren tropak eta milaka afganiar ebakuatzeko prozesua luzatzea aztertzen ari dira. Kabulgo aireportuan 20 hildako zenbatu dituzte talibanek agintea lortu zutenetik.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 24a

Afganistanen dituzten tropak eta funtzionarioak ebakuatzeko epea luzatzea aztertzen ari dira AEBak eta Britainia Handia. G7ko liderrek asteartean egingo dute bilera, talibanen aurkako erantzun bateratua adostu eta ebakuazioak abuztuaren 31rako bukatuko dituzten erabakitzeko.

Talibanek, ordea, mehatxu egin dute. Suhail Shaheen bozeramaileak adierazi duenez, ezarritako data “marra gorria” da, eta atzerriko gobernuek Afganistan uzteko epemuga hori betetzen ez badute, “ondorioak” egongo direla ohartarazi du. Datorren asteartean nazioarteko indarrek bertan jarraitzen badute, “esan nahi du okupazioaren luzapena egiten ari direla, horretarako beharrik ez dagoenean”. Bestalde, AFP agentziari adierazi dionez, gobernu berriaren osaketa AEBetako soldadu guztiek herrialdea uzten dutenean baino ez dute iragarriko.

Bitartean, atzerriko tropak funtzionarioen eta herrialdetik ihes egin nahi duten Afganistango biztanleen ebakuazioak azkartzen ari dira. Beldur dira talibanek ez dituzten Kabulgo aireportuko ateak itxiko. Halere, Shaneenek lasaitasunerako deia egin die herrialdea utzi nahi dutenei: Hilaren 31tik aurrera, beharrezko dokumentazioa aurkezten badute, ez diete “oztoporik” jarriko hegaldi komertzialetan alde egiteko.

AEBek 10.000 soldadu baino gehiago dituzte oraindik ebakuatzeko. Bestalde, Jake Sullivan segurtasun nazionaleko aholkulariak azaldu du 50.000-60.000 afganiar atera nahi dituztela datozen egunotan. Funtzionarioak hilaren 31rako ebakuatu ahal izango badituzte ere, herritar afganiarrak ordurako erreskatatzea zailagoa izango dela adierazi du.

20 hildako Kabulgo aireportuan

20 pertsona hil direla dagoeneko Kabulgo aireportuan, NATOk Efe agentziari komunikatu dionez. Astearte goizaldean tiroketa bat egon da. Identifikatu ez dituzten zenbait lagunek —CNNren arabera, frankotiratzaileak ziren— tiro egin diete soldadu afganiarrei, eta orduan hasi dira istiluak.

Zabihullah Mujahid talibanen bozeramaileak AEBei egotzi die hilketen errua: “Hamid Karzai aireportuan dauden Estatu Batuetako indarrak dira zibilak hiltzearen erantzuleak, haiek gonbidatu dituztelako bertara”. Momentuz, CNNk jakinarazi duenez, 18.500 pertsona daude aireportu barruan pilatuta, eta beste 2.000 ari dira sartzeko itxaroten.

Afganistan osoa hartu dute

Mujahidek twitter bidez adierazi zuen atzo probintzia bakar bat baino ez dagoela talibanen agintetik kanpo: Panjxir. Baina Afganistango Erresistentzia Frontea bertan “setiatuta” dagoela adierazi zuen, eta armak uzteko agindua luzatu dietela.