argia.eus
INPRIMATU
Afari solidarioen alde eta arrazakeriaren aurka bildu dira 2.000 lagunetik gora Donostian
  • Donostiako Udalak joan den astean Egia auzoko afari solidarioak debekatu izana salatu dute, eta jarrera arrazista, klasista eta faxistak gaitzetsi dituzte.

ARGIA @argia 2024ko urriaren 28a
Jendetza Alderdi Ederren Gedar

Manifestazioa, urriaren 27an, Donostiako Egia auzoan hasi eta udaletxearen atarian bukatu dute Elkartasunari debekurik ez lelopean, KAS Kaleko Afari Solidarioak taldeak antolatuta. Donostiako Udalak urriaren 23an debekatu zituen afari solidarioak “segurtasun arazoak” argudiatuta. Naiz hedabideak jaso duenez, manifestazioan zehar honako oihuak entzun dira: “Arrazakeria eta kapitalismoa, aliantza kriminala”, “Eneko Goia faxismoaren morroia”, “Goia eman zure koltxoia” eta “Euskal Herria harrera herria”.

Irutxuloko Hitzak manifestazioaren antolatzaileen hitzak jaso ditu. Haiek adierazi dutenez, “faxistek egindako aldarrikapenari hurrengo egunean udalak men egiteak jarrera erreakzionarioa hauspotzen du”. Udalari exijitu diote jomugaz aldatzea: “Bada garaia proletarioak eta migratzaileak etsai gisa seinalatzeari utzi, eta pobrezia estrukturalaren zein migrazioaren kausak eragiten dituzten agenteak etsai gisa seinalatzen hasteko”. Bitartekoak jartzen hasteko ere eskatu dute manifestazio amaierako hitz-hartzean: “Utzi migratzaile proletarioak zigortzeari eta elkartasuna debekatzeari, eta hasi pobrezia zein faxismoa desagerrarazteko bitartekoak jartzen”.

Afari solidarioak debekatuta

Urriaren 23tik Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak ezin ditu eguneroko otorduak eman Egia auzoan. Udaltzainek urriaren 23ko iluntzean jakinarazi zieten, ahoz, antolatzaileei. Baimenik ez zutela eta Donostiako Udalaren erabakia zela esan zitzaien. Urriaren 21ean, herritar talde batek elkarretaratzea egin zuen janaria banatzeko lekuan, “segurtasun” eske.  Tartean ziren Donostiako Udaleko PPko hiru zinegotziak. Ertzaintzak afari solidarioak eskaintzearen aldeko hainbat kide identifikatu zituen momentu hartan. Urriaren 23ko goizean Martin Ibabe Donostiako Hiri Segurtasuneko zinegotziak protestei zilegitasuna eman eta afariak debekatzeko "arrazoi bakarra eta esklusiboa inguru horretan gertatzen ari den segurtasun-arazoa" dela adierazi zuen. KASek erantzun zuen afariak ematen jarraituko zuela.

 Xalba Ramirez / Irutxuloko Hitza
 Xalba Ramirez / Irutxuloko Hitza
 Xalba Ramirez / Irutxuloko Hitza