argia.eus
INPRIMATU
Aeronautikako langileek manifestazioa egingo dute Gasteizen, kaleratzeak salatu eta erakundeei inplikazioa eskatzeko
  • Arabako aeronautika enpresetako langileen ordezkariek manifestazioa deitu dute larunbatean, hilak 26, Gasteizen, sektoreak bizi duen ziurgabetasun egoeraren aurrean “industria politika serioa” eskatu eta administrazio publikoa zuzenean interpelatzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko irailaren 24a
Asteazkenean manifestazioa iragartzeko prentsaurrekoan langile ugari ere izan zen (arg.: LAB)

Aernnova, Alestis, Fibertecnic, Burulan, Gmpasa, Metraltec eta Fileu-Madinabeitiako enpresa batzordeek deitu dute manifestazioa datorren larunbaterako, Gasteizko Korreos plazatik abiatuta eguerdiko 12:00etan. Enpresa horietako askok murrizketak eta enplegu erregulazio espedienteak iragarri dituzte; esaterako, Alestisek Arabako hiriburuan duen lantegiko 87 pertsona kaleratzeko asmoa agertu du, “produkzio arrazoiengatik”.

Ziurgabetasun egoera hori, baina, “kointurala” da sindikatuen esanetan, eta Covid-19ren krisiak eragin du. Horregatik uste dute enpresa batzuetako zuzendaritzak mahairatzen ari diren “neurri traumatikoak” soberan daudela. Araban soilik 1.400 lagun ari dira sektorean zuzenean lanean eta beste 8.000 zeharka.

Aeronautika sektoreko multinazional eta enpresek laguntza-publiko eta diru-laguntza ugari jaso dute, eta langileen aburuz, erakundeek badute zer esatekorik orain hartu duten murrizketa estrategiaren aurrean: “Egungo krisiari irtenbidea emateko, industria-politika serioa behar da”, azaldu dute asteazkenean prentsaren aurrean egindako agerraldian.

Hain justu, larunbateko manifestazioaren helburuetako bat hori izango da: administrazio publikoa “interpelatzea”, Eusko Jaurlaritza nola Arabako Aldundia, lanpostu galera horren aurrean “besoak-gurutzatuta” geratu ez daitezen.

Asteazkenekoa greba eguna izan zen Espainiako Estatuko aeronautikako enpresetan, UGT eta CCOOk deituta. Arabako Aernnovako eta Zamudioko ITP Aeroko  lantaldeak ere batu ziren grebara; azkeneko honen kasuan, hirugarren greba eguna zuten ELAk deituta.

ITP Aeron irekitako Aldi Baterako Erregulazio Espedientea irailaren 30ean amaitzen da eta enpresak 194 behargin kalean utzi nahi ditu horren ondoren: “Hortik ez gara pasako, azken urteetan izan dituzten etekinekin ezin da halakorik justifikatu”, azaldu du ELAko ordezkari sindikalak.