Urte amaieran, otsailaren 1etik aurrera kalean geratuko diren 82 langileen zerrenda plazaratu zuen Aernnovako zuzendaritzak. Ostegun honetan, urtarrilean zehar deitutako bederatzi greba egunetako lehena egin dute langileek, erabateko jarraipenarekin.
Azkenean, Aernnovak Berantevillan duen fabrikako 82 langile kalean geratuko dira otsailaren 1ean, 450 langilek osatutako plantilla osoaren %20 inguru: 55 kaleratze, 14 aurrejubilazio —ordainsari gordinaren %65 jasoko dute— eta borondatezko 13 baja —pizgarriekin—. Lan Ikuskaritzak eta auzitegiek erabaki bitartean, zuzendaritzak jarraituko ez duten langileen zerrenda plazaratu zuen 2020ko abenduaren 31n, Gabon Zahar egunean.
Enplegua erregulatzeko espedientearen (EEE) aukera ireki zenetik iragarri zuen bezala, enpresa batzordeak ez du kaleratzerik onartuko eta protesta dinamikarekin jarraitzea erabaki du, "gehiegikeria" gisa definitu dutenari aurre egiteko.
Horregatik, bederatzi greba deialdi egin dituzte urtarrilerako: ostegun honetako lehen lanuzteaz gain, urtarrilaren 12an, 14an, 18an, 20an, 22an, 25ean, 27an eta 29an greba egingo dute.
Ostegun honetan iritsi da greba dinamikaren lehen eguna, eta, goizean, enpresaren aurrean egindako elkarretaratzean, langileek 82 hilkutxa erakutsi dituzte, galduko diren lanpostuak irudikatzeko.
Industrialdeko zein fabrikako sarbideetan Ertzaintzaren presentzia handia izan da, baina mobilizazioa gorabeherarik gabe egin da. Sindikatuen arabera, zuzendaritzako kideen bi auto baino ez dira sartu lantegian, ertzainek babestuta, eta langileen %100ak bat egin du greba deialdiarekin. Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren zein Arabako Foru Aldundiaren egoitzetaraino eraman dituzte mobilizazioak.
Bertan, Industria Sailak hilaren 4an egitekoa zen bilera bertan behera utzi izana salatu dute. Izan ere, enpresa batzordearen aldetik "jokabide desegokiak" argudiatuta, langileekin ez biltzea erabaki zuen. Azkenik, bilera hori datorren asteazkenean egingo da, 9:00etan.
"Ezer ez egiteaz gain, langileek beren lanpostuak defendatzeko mobilizatzeari uko egitea nahi du, eta hori benetan miserabletzat jotzen dugu, diru laguntzetan milioika euro jaso ondoren, dozenaka pertsona kaleratu behar dituen enpresa baten ondoan baitago", leporatu dio LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzari.
Bestalde, ELA sindikatuak jakinarazi du kaleratzeak epaitegietan salatu eta baliogabetzeko eskatu duela, horretarako "arrazoi nahikoak" ikusten dituztelako. "Ez dira EEE bat ezartzeko arrazoiak ematen, eta enpresak errefusatu dituen hainbat neurri proposatu ditugu; egoera iraultzeko borrokan jarraituko dugu, bai epaitegietan eta baita kalean ere", ohartarazi dute.