argia.eus
INPRIMATU
Aernnovako langileek borroka biziagotu dute urte berriarekin
  • Urtarrilerako bederatzi greba egun deitu dituzte. Urtarrilaren 12tik 18ra Gasteizko Los Angeles elizan eragile sozial, sindikal eta politikoekin bilduko dira goizero. Enpresak 450 langileetatik 82 kaleratu nahi ditu otsailean; langileek diote ez dutela bat bera ere onartuko.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 13a
Los Angeles eliza interpelazio eta mobilizazio dinamika baten erdigunea izango da aste betez. Argazkia: ELA/LAB.

Urtarrilaren 12an, urtarrileko grebaren bigarren eguna dutela, manifestazioa egin dute Aernnovako langileek Eusko Jaurlaritzatik abiatuta. Hiri erdiguneko Los Angeles elizan eman diote mobilizazioari amaiera, eta bertan emandako prentsaurrekoan iragarri dute aste betez elizaren lokaletan emango dutela eguna.

Protestak antolatuko dituzte bertatik, eta egunero eragile sozial, politiko eta sindikalekin bilduko dira, beren egoera azaldu eta babesa eskatzeko. Hilaren 14, 18, 20, 22, 25, 27, eta 29rako greba egunak dituzte deituak enpresaren asmoen aurka.

82 langile enplegua galtzeko arriskuan

Berantevillan duen lantegiko 450 langileetatik 82 enplegurik gabe uzteko erabakia iragarri zuen hilabete batzuk lehenago Aernnovak –55 kaleratze, hamalau erretiro aurreratu eta “borondatezko” hamahiru baja–. Langile horien zerrenda zehatza abenduaren 31n jakinarazi zuen enpresak, Gabon Zahar egunean.

Langileen ordezkariek kaleratze bakar bat ere ez dutela onartuko adierazi dute. Sektoreak bizi duen eskariaren beherakada “koiunturala” dela diote eta hortaz, ez dela beharrezkoa horrelako "neurri traumatikorik" hartzea. Mobilizazioak eta greba egunak antolatu dituzte, Lan Ikuskaritzan eta epaitegietan salatu dute enpresaren asmoa, eta erakundeei babesa eskatu diete.