argia.eus
INPRIMATU
AEK-k “Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!” dinamika jarri du abian
  • Aurten ere "euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko", AEK-k Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarriko du martxan. Izurritea dela eta, aurten ez da Korrika-rik izango eta horrek eragindako galera ekonomikoak estaltzeko asmoz, herritarren diru ekarpenak jasotzeko kanpaina abiatu du euskaltegien sareak. Bestelako ekimenak ere biltzen ditu dinamikak.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko otsailaren 25a
Argazkia: Amaia nauzue

AEK-k gogorarazi duenez, "Euskal Herriko herritarren %55 erdalduna da. Berdintasunean oinarritutako jendartea amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako". Horregatik, euskaltegi sendoen beharra azpimarratu du AEK-k, bide horretatik 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari direla argudiatuz –baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere bai–.

Euskalduntze prozesu horrek kostu bat du AEK-rentzat eta aurten Korrika ez denez antolatuko, bestelako diru-iturriak beharrezkotzat ditu. Hori horrela, "Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!" kanpaina abiatu du:

Hiru ardatz dituen dinamika

Hiru ardatz izango ditu aurtengo dinamikak: hiru administrazioei bidalitako gutuna, Bultza euskaltegiak! ekitaldiak eta Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Egizu zure ekarpena kanpaina.

Lehena, Euskal Herriko administrazio nagusiei gutun bat helaraztean datza, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasoko dituena, eta helduen alfabetatzearen eta euskalduntzearen garrantziaz ohartarazko.

Bigarrenik, martxoaren 28an Euskal Herriko hainbat gunetan  ekitaldi "xumeak" antolatuko dituzte aurten ere, "euskararen lekukoa, euskategien aldeko bultzada, kalean egon dadin". Oraingoz, 45 toki lotu dituzte eta ekitaldiak 12:00etan egingo dira martxoaren 28an –Korrika egun horretan bukatu beharra zen, normalki–.

Azkenik, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Egin zure ekarpena kanpaina ere abiatu dute, martxoaren amaierara arte martxan egongo dena. Izan ere, Korrika atzeratzeak aurrekontuan "zuloa" eragin duela adierazi du erakundeak. Euskara sustatzeko ekinbide izateaz gain, AEKrentzako finantzabide ere bada eta aurten herritarren sostengua behar dutela adierazi dute AEKako kideek.