Korrikaren "bihotza eta burua" erakutsiko ditu dokumentalak. Proiektua gauzatzeko, herritarren babesa "ezinbestekoa" izango dela adierazi dute AEK eta Mirokutana ekoiztetxeak, eta apirilaren 25era bitartean crowdfunding kanpaina bat abiatuko dute jalgihadi.eus helbidean. ARGIA proiektuaren babesleetako bat da.
Dokumentalak Korrika "posible egiten duten" pertsonak eta prozesuak gertutik jarraituko dituela aurreratu dute bi erakundeek, ohar batean. Soziologo, antropologo, hizkuntzalari, kulturgile eta euskalgintzako beste eragile askoren ekarpenak ere jasoko ditu, "euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz" hausnartzeko.
Proiektua ekoizteko beharrezko baliabideak eskuratzeko eta "euskalgintzan sakontzen" jarraitzeko, astelehenean hasi den eta apirilaren 25ean amaituko den diru bilketa kanpaina jarri dute martxan AEK-k eta Mirokutanak, Goteo plataforman. Horren bidez, euskararen aldeko mugimendua indartzea eta komunitatearen parte hartzea sustatzea bilatu nahi dutela adierazi dute.
Ekoizpena euskal komunitateari zuzenduta egongo da, eta hizkuntza bat komunikatzeko tresna izan nahi du euskaraz bizi nahi duten guztientzako, oharrean azaldu dutenez. AEK-k euskararen biziberritzearen aldeko konpromisoa berretsi nahi du dokumentalaren bidez, euskaltzale guztiak "berpizkunde berri batean" parte hartzera gonbidatuz.
Ibilbide motza, baina arrakastatsua
2016an sortu bazen ere, ibilbide arrakastatsua osatu du Mirokutana ekoiztetxeak azken urteetan: Emarri, Karpeta urdinak edota Europa aipa daitezke egin dituzten proiektuen artean. Hain zuzen, Sonora Estudios, Bira Produkzioak y Gastibeltza Filmak taldeekin batera egin zuten azken horrengatik Guadalajarako (Espainia) Zinema Jaialdiko laburmetrail onenaren saria jaso zuten 2024ko urrian. Karpeta Urdinak lanak ikus entzunezko Argia Saria jaso zuen 2023an.