argia.eus
INPRIMATU
Historiako kolperik handiena jasan du AEBetako petrolioaren merkatuak: saltzaileek ordaindu egin diete erosleei
  • Astelehena historiako egunik beltzena izan da AEBetako petrolioarentzat. Herrialdeko erreferentziazko upela, West Texas Intermediate (WTI), %305 jausi da. Historian lehen aldiz negatiboki kotizatzen hasi da. Hau da, saltzaileek erosleei ordaindu diote petrolioaren trukean.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 21
AEBtako petrolio findegi bat. Argazkia: Infobae.

Petrolioaren prezioen gainbehera aurreikusita zuen Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA), erregai horren historiako urterik txarrena izango zela adierazi baitzuen. Aurreikuspen horri helduta, apirilaren 13an munduko petrolio esportatzaile handienak batu eta ekoizpena mugatu zuten.

Hori ez da nahikoa izan ordea, eta AEBetako erreserba guztiak beteta daude. Astelehen goizean upel bakoitza 17 dolarretan saldu zuten. Egunaren amaierarako berriz, 37 dolar ordaintzen zizkieten erosleei; izan ere, arratsalde erdian negatiboan kotizatzen hasi zen WTI.

Ohi den bezala, AEBetan gertatzen dena mundu osora zabaltzen da, eta Europako erreferentziazko upelak ere, Brentak alegia, jasan behar izan du horrelako jaitsierarik. Kolpea AEBetakoa baino txikiagoa bada ere, %8ko jausi da. Upela 26 dolar azpitik saldu dute, krisi aurretik zuen balioaren erdia baino gutxiago.

Katastrofe ekonomikoa

AEBek, munduko fracking enpresa handienekin, nazioarteko petrolio esportatzaile handiena bilakatzea lortu dute. Baina krisiak garraioak gelditzea ekarri du, eta auto eta hegazkinik gabe petrolioaren erabilerak nabarmen egin du behera.

Hori burtsan ere sumatu da: New Yorken, Wall Streetek galerak izan ditu astelehenean, %0,64ko jaitsierarekin itxi zuen atzoko eguna. Espainiako Estatuak ere igarri du nolabait Atlantikoaren beste aldeko krisia, eta Ibexak oraindik balioa mantentzen badu ere, beheranzko joera hartu du. Frantziako Estatuko CAC40 indizeak aldiz zenbaki berde txiki batzuk erakutsi zituen asteleheneko saio amaieran. Europako tendentzia orokorrarekin bat egiten du horrek, pandemiatik irteten ari den lurraldea denez, gainontzeko burtsek ere goranzko bidea hartu baitute, motel bada ere.