argia.eus
INPRIMATU
AEBetako aberatsenek 434.000 milioi dolar irabazi dituzte pandemia garaian
  • Bi hilabetean beren irabaziak hazten ikusi dituzte AEBetako enpresari aberatsenek. Diru gehien Jeff Bezos Amazonen jabeak eta Facebookeko Mark Zuckerbergek irabazi dute, 340 milioi eta 250 milioi, hurrenez hurren; Americans for Tax Fairnessek kaleratu bezala.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 22a
Jeff Bezos, Amazoneko burua. Argazkia: Entrepreneur.

Herrialdeko krisi ekonomikorik larriena eragin du koronabirusaren pandemiak, 1933ko krisikoa baino handiagoa. Zortzi astetan 36,5 milioi estatubatuarrek eskatu dute langabezia prestazioa. Hala ere, teknologiarekin lotutako enpresek irabazi handiak izan dituzte, hain zuzen ere, herrialdeko beste sektore batzuen gainbehera abiatu denean.

Txostenaren arabera, AEBetako milioidunen ondarea %15 hazi da azken bi hilabeteetan, batez ere aberatsenen artean. Bost aberatsenen artean 760 milioi dolar bildu dituzte; Bezos, Bill Gates, Zuckerberg, Warren Buffett eta Larry Ellison. Horietatik lau teknologiari lotutako enpresetako jabeak dira.

Beren ondare bikoiztera heldu da zenbait enpresaburu krisian. Elon Muskek, Tesla Motorseko presidentea, besteak beste, %48ko hazkundea izan du. Zuckerberg ere hurbil ibili da, %46. Bezosek %31ko hazkundea izan du. MacKenzie Bezos, aurrekoaren emazte ohia, lehen emakumezkoa da horrelako hazkunderik izan duena; heren bat hazi da bere ondarea.