argia.eus
INPRIMATU
Nola kutsa daitezkeen milaka pertsona Detroiten txorrotako urik ez dutelako
  • Michigango estatuko Detroit hirian 140.000 familia txorrotako urik gabe daudela salatu dute hainbat eragile eta osasun-langilek. 2014ean hasi ziren hirian ura mozten, eta Covid-19aren izurritearekin mozketak eten badira ere, hori nahikoa ez dela eta higiene neurriak bermatu behar dituztela gehitu dute.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 14a
Ur mozketen aurkako proteta Detroiten. Argazkia: MSNBC.com.

AEBak pandemiaren buruan jarri dira milioi erdi kutsatutik gora eta 23.000 heriotza ingururekin. Detroit, Michigango estatuko bihotzean, koronabirusa gehien pairatu duen AEBtako lurraldeetako bat da. 1.500 lagunek galdu dute bizia estatuan, horien artean %40 afroamerikarrak. Datu esanguratsua da, izan ere, estatuko biztanleria osoaren %14 baino ez da afroamerikarra.

Heriotzek lotura zuzena dute estatuko, eta batez ere Detroiteko higiene baldintzekin. Izan ere, 2014tik 140.000 familiari moztu diote ur emaria. Covid-19aren pandemiak eten bat ekarri du mozketetan, baina ur emaria 1.200 familiari bueltatu diote soilik. “Hori ez da ezer dagoen beharrarekin alderatuta. Urik ez duen jendea ikusten ari naiz egunero. Eta oraindik ere ura moztu dioten jendea ere bai”, dio Roslyn Bouier hiriko apaiz eta ekintzaileak.

Argi ikusten da ur eza eta osasun-baldintza kaxkarren arteko harremana hiriko Brightmoor auzoan. Auzo horretan daude txorrotako ura moztu dieten familia gehienak. Auzo horretan dago, baita ere, haurren heriotza-tasarik altuena, jaio aurretik eta baita ondoren ere.

Salbuespen egoera

Ez da kontu berria Detroiten urik ez duten familiena, esan bezala, 2014tik datorren kontua da. Baina, pandemiaren erdian askoz eragin handiagoa du urik ez izateak. Izan ere, koronabirusaren berri eman zuten momentutik bertatik azpimarratu zuten munduko gobernu gehienek eskuak garbitzearen garrantzia. Birusari aurre egiteko era eraginkor eta errazena da eskuak sarri garbitzea. Ezin horrelakorik egin, ordea, urik ez dagoen etxeetan.

“Urik ez duten etxeetako jendea lanera edo eskolara doanean, aukera du eskuak garbitu edo komunera joateko 8 edo 10 orduz egunean. Albistegietan diote ur korrontea ia familia guztiei itzuli dietela, beharbada 50 lagun egongo direla urik barik. Baina badakigu hori ez dela egia, jendeak ez du urik”, dio Bouierrek.

Iritzi berekoa da Abdul El-Sayed doktorea, Detroiteko Osasun departamentuko buru ohia. Osasun-publikoa urarekin hasten dela dio, jendeak kontsumitzen duen ura garbia dela ziurtatzean. “Zer esan nahi du jendeari etxean gelditzeko eta eskuak garbitzeko esateak urik ez dutenean? Pandemiaren testuinguruan absurdoa da. Absurdoa zen pandemia bera hasi aurretik ere”.