argia.eus
INPRIMATU
Larrialdia AEBetako gerraontzi batean: ebakuatu edo hiltzen hasiko dira koronabirusagatik
  • Txina inguruetan zeukaten gudaontziko kapitainak laguntza eskatu behar izan du, Ozeano Barean. Roosevelt izeneko ontzian 5.000 soldadu daude eta Covid19 gaitza zabaltzen doa tripulazioan. Guam uhartean amarratu dute, baina ez diete jaisten uzten, gaitza ez zabaltzeko borrokan ari baitira bertan ere.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 01
Roosevelt hegazkin-ontzia.

Duela astebete detektatu zuten Covid-19 gaitzagatik lehen positiboa itsasontzian, eta dagoeneko 80 direla kutsatuak esan du Gobernuko ofizial batek, The Guardianek jaso duenez.

Guamgo irlan, AEBetako lurraldeko Ozeano Barean dago porturatuta itsasontzia. Irla hori Ozeano Bareko koronabirus fokuetako bat da, 58 kutsatu eta bi hildakorekin. AEBetako Gobernuak test gehiago bidaliko dituela esan die bertako agintariei, baina ospitaleek gainezka egingo duten beldur dira.

Crozier kapitainak lau orriko gutunean ez du azaltzen nora ebakuatu beharko lituzketen soldaduak, baina adierazi du propultsio nuklearraz dabilen hegazkin-ontziak ez daukala baliabide nahikorik hamalau eguneko isolamendua ezartzeko.

Guam uhartean dago armadako ontzia (Wikipedia)

AEBtako armadako idazkari Thomas Modlyk esan du Guameko gobernuak ez duela nahikoa oherik soldadu guztientzako, eta bertako gobernuarekin hitz egiten ari dela soldaduek hoteletan eta kanping dendetan lo egin ahal izateko.

Gobernua aurka

Ebakuazioaren aurka agertu da AEBetako defentsa ministerioa, ordea. Berarekin batera, John Aquilino almiranteak ebakuazioaren ideia baztertu du, eta beste bat proposatu: zenbait soldadu ontzitik ateratzea eta testak egitea, positiboak badira isolamenduan jarri eta ontzia garbituz. Gero hori bera barruan dauden gainontzeko soldaduekin egitea proposatu du, horrela ebakuazioa saihestuko dutelakoan.