argia.eus
INPRIMATU
AEBetako eskuinak terroristatzat jo ditu trans pertsonak, Nashbilleko sarraskiaren ostean
  • Pertsona batek sei pertsona hil ditu AEBetan eta sarraskiaren egilea trans pertsona bat izanik, ezaugarri hori baliatzen ari dira ultraeskuindarrak transexualak oro har kriminalizatzeko. Politikari errepublikanoek eta zenbait telebista kate eskuindarrek, Fox tartean, krimena erabili dute trans eta beren eskubideen alde daudenei errua leporatzeko.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 05
Bederatzi urteko hiru haur eta hiru heldu hil ditu Audrey Halek ikastetxe batean. Argazkia: Nashvilleko Polizia.

Nashvilleko (Tennesse) ikastetxe batean pertsona batek sei pertsona hil ditu astelehenean, bederatzi urteko hiru haur eta hiru heldu. Hiltzailea trans pertsona dela aitzakia hartuta, kolektibo osoaren aurka egiteko baliatu du abagunea eskuinak, kriminalizatu eta arrisku gisa seinalatzeko.

Audrey Hale, 28 urtekoa, ikasle izandako ikastetxean sartu zen. Bi fusilekin, pistola batekin eta munizio ugariarekin, ezagutzen ez zituen sei pertsonaren aurka tiro egin zuen. Oraindik ez dira zabaldu ikasle eta irakasleen aurkako erasoa egiteko arrazoiak zein diren. 

Lehen prentsaurrekoan, Polizia buruak Hale trans gisa identifikatu zuen, baina onartu zuen ez zuela informazio egiaztaturik. Polizia bozeramaile batek, gero, hauxe zehaztu zuen: “Audrey Hale emakume biologikoa zen, sare sozialetako profil batean gizonezko izenordainak erabiltzen zituena”. Minutu gutxira, TransTerrorism hashtaga zabaldu zen Twitterren.

El Diariok jakin duenez, JD Vance Ohiko senatari errepublikanoak erantzukizunaren zati bat ezkerrari esleitu dio, eta krimena erabili dute trans eta beren eskubideen alde daudenei errua botatzeko. "Ezker muturrekoak hausnarketa sakona egin behar du. Ideia horiek onartzea ez da errukia, arriskutsua da", idatzi du senatariak.

Tucker Carlson Fox News programako aurkezleak saio zabala eskaini du bere programan gertatutakoari buruz: "Badirudi trans terrorismoaren igoeraren lekuko garela". Halaber, aukera bilatu du krimenak AEBetan armak edukitzeko aukera ematen duen legeria batekin zerikusia izan ez dezan: "Sarraskia ez da gertatu armei buruzko lege permisibo batzuen ondorioz, baizik eta ideologia nahasi baten ondorioz. Herrialdea Joe Biden bezalako jendearen laguntzarekin kutsatzen ari da".

Lau aldiz aukera gehiago ditzute transek erasoa jasateko

UCLA Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak berriki egindako ikerketa baten arabera, transak lau aldiz aukera gehiago dituzte AEBetan erasoa jasateko. Trans pertsonek osasun zentroetan eska ditzaketen tratamendu hormonalak delitu bihurtzeko legeak onartu dituzte AEBko zenbait estatutan, errepublikanoen aldeko botoekin.

Tennesseeko tran komunitateko ekintzaileak kanpaina honen ondorioen beldur dira. "LGTBI komunitatekoak izututa gaude", adierazi dio ekintzaile batek NBC kateari. "Odol gehiago isuriko da eta ez da eskola batean izango", gehitu du.