argia.eus
INPRIMATU
AEBren enbaxada Kuban: blokeoa pitzatzen hasi da
  • Bi herrialdeen arteko hurbiltzearen isla da ostiralean La Habanan berriz irekiko duten AEBetako enbaxada. John Kerry AEBetako estatu idazkaria izanen da ekitaldian. Maila horretako diplomatiko amerikarrak azken bisita egin zuenetik 70 urte pasa dira. 

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 14a
La Habanan berriz irekiko dute AEBetako enbaxada (argazkia: bbc.co.uk)

Ekitaldiarekin, bi herrialdeen arteko harremanen lehen fasea amaituko dute, erlazio diplomatikoak martxan jartzekoa, alegia. Raul Castrok eta Barack Obamak iragarri zuten bi herrialdeen arteko “adiskidetzea” abenduaren 17an egindako bileran.

1977tik “interesen sekzio” delako bulego bidez izan dituzte harremanak bi herrialdeek. Ordura arte, berriz, Suitzak egin zuen bi gobernuen arteko bitartekari lana. Didier Burkhalter Suitzako Atzerri ministroa enbaxadaren irekiera ekitaldian izanen da.

50 urtetik gora iraun duen blokeoaren estrategia aldatzeko beharra azpimarratu zuen Obamak azken urteetan, eta “zerbait berria” frogatzearen alde azaldu izan da. Castrorekin hasitako negoziazioek aro berriaren hasiera markatu dute. 

Fidel Castroren mezua bere 89. urtebetetzean

Fidel Castro presidente ohiak gutuna bidali du Kubako hainbat hedabidetara bere 89. urtemuga dela eta. AEBrekin hasitako harremanei erreferentzia egiten ez badie ere, kritiko ageri da idatzian: historian AEBek izandako jarrera gaitzetsi du, Bigarren Mundu Gerra ondoren munduko urre guztia beraiek eraman zutela salatuz.

AEBek Kubari milioika dolar zor dizkiola ere azpimarratu du Castrok gutunean, urteetan sortutako kalteengatik.