argia.eus
INPRIMATU
AEBek txertoen patenteak bertan behera uztea babestu dute ekoizpena handitzeko
  • Joe Bidenen Gobernuak iritziz aldatu du eta COVID-19aren aurkako txertoei patentea behin behinean kentzea babestu du, mundu mailako txertaketa azkartzeko asmoz. "Salbuespenezko egoerak salbuespen neurriak" eskatzen dituela adierazi du Gobernuak. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 06a

Joe Biden presidenteak kontra egin dio hainbat hilabetez patentea kentzearen pausoari eta presio ugari jaso ditu. Egungo egoera dela-eta, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak iritziz aldatu du: India eta Hego Amerikan kutsatze kopuruak nabarmen egin du gora eta pandemiari aurre egiteko desberdintasunak gero eta nabarmenagoak dira. Asteazken arratsaldean patenteak behin behinean liberalizatzearen aldeko komunikatua plazaratu zuen Gobernuak, mundu mailako txertaketa azkartzeko asmoarekin.

Katherin Tai Munduko Merkataritza Erakundeko ordezkari estatubatuarrak adierazi duenez, Gobernuak patenteetan sinisten du baina "pandemiaren salbuespenezko egoerak, salbuespenezko neurriak eskatzen ditu".

Joan den urrian Indiak eta Hegoafrikak Munduko Merkataritza Erakundeari txertoen patenteak aldi baterako kentzea eskatu zioten, eta Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako hainbat herrialdek bat egin zuten haiekin. Txertoen produkzioa konpainia farmazeutikoen menpe ez egotea eta txertaketa kanpainak azkartzea nahi zuten, pandemia kontrolatzeko asmoz. AEB ordea, kontra agertu ziren.

Hemendik aurrera txertoen egile-eskubideak behin behinean kentzeko negoziazioak hasiko dira, eta Taik adierazi duenez “denbora beharko dute”. Patentea kentzea, abiapuntua besterik ez da. Industriaafrmazeutikoak “transferentzia teknologia” deiturikoa ere erraztu behar du, dosiak ekoizteko eta kontserbatzeko prozesuaren ezagutzak eskaini behar baitituzte. Sektore farmazeutikoa kontra agertu da eta “arazoak” sortuko dituela eta “txertoak sortzeko prozesua motelduko” duela adierazi du.

Europa eztabaidatzeko "prest"

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak adierazi duenez, "prest" dago patentea kentzeko salbuespena eztabaidatzeko eta txertoak ekoizten dituzten herrialdeei deia egingo die "esportazioa baimendu eta hornikuntza kateak oztopatzen dituzten neurriak deuseztatzeko".

Egoerari buelta emateko nahia adierazi du eta Europako Batzordea "krisiari modu eraginkor eta pragmatikoan helduko dion edozein proposamenen inguruan eztabaidatzeko prest" dagoela gaineratu du.