argia.eus
INPRIMATU
AEBk Siriako base irandar batzuk bonbardatu ditu
  • Estatubatuar presidente Joe Bidenek eman du agindua Deir ez-Zor-eko bunker gunea bonbardatzeko. Munizioa biltegiratzeko eta laguntza logistikoa emateko erabiltzen diren bunkerrak direla adierazi du AEBtako armadak komunikatu batean.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko abuztuaren 25
Siriako Indar Demokratikoak Deir ez-Zor-en. Argazkia: Wikimedia Commons.

AEBtako armadak bonbardaketa zehatzak egin ditu Deir ez-Zor hirian, Irango erregimenak babesten dituen zonaldean finkatutako taldeen aurka USCENTCOM Estatu Batuetako Komando Bateratuak adierazpen batean ziurtatu duenez. Erasoa asteazken goizaldean izan zen.

Gobernuz Kanpoko Erakundea da SOHR (Syrian Observatory for Human Rights, giza eskubideen siriako behatokia) eta erasoa baieztatu du. Gutxienez hiru misil jaurti zirela ziurtatu du eta Iranen aldeko talde armatuek biltegiratze-gune gisa erabilitako hainbat instalazio ere suntsitu zituela. Nazio Batuen Erakundeak ere moderazioa eskatu dio AEBri: “Jakina, aireko eraso horien jakitun gara. Gure kezka da eskualdeko egoeraren izaera oso aldakorra dela, eta gure deia berbera da Sirian parte hartzen duten eragile guztientzat, moderazioan aritzea eta eskalada saihestea.”

Aurretiko erasoaren erantzuna

Bonbardaketa abuztuaren 15ean jasotako erasoaren erantzuna izan da, adierazi du USCENTCOMek: “Helburua AEBetako indarrak defendatzea eta babestea da, abuztuaren 15ean Iranek babestutako taldeek estatubatuarren aurka egindako erasoen aurka, esaterako”. Horrez gain, adierazpenean nabarmendu dute AEBk bonbardaketa egin zutela "proportziozko eta nahita hartutako neurrietan", eskalada arriskua mugatzeko eta biktimen arriskua minimizatzeko.