argia.eus
INPRIMATU
AEBetan dagoeneko 200.000 jende hil ditu COVID-19ak
  • Irailaren 20an AEBk gainditu dute COVID-19agatik hildako 200.000 jendeen langa, Worldometers estatistika zerbitzuak ezagutarazi duenez, noiz eta Ipar Amerikako erraldoia lehendakaria hautatzeko hauteskunde lasterketa betean dagoenean. Herrialde hau da munduan orain arte kalte handienak nozitu dituena, bigarrena den Brasilen aurretik.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 21a
COVID-19ak munduan gehien kaltetu dituen 10 herrialdeak, heriotza kopuru absolutuen arabera sailkatuta. (Iturria: Worldometers)

AEBek apirilaren 7an gainditu zuten 10.000 hildakoen marka, justu Txinak azaldu zuenean lortu zuela pandemia deklaratuz geroztik lelhenbiziko aldiz heriotza bakar bat ez edukitzea. 100.000 hildakoen arrastoa maiatzaren 29an pasa zuten, koronabirusagak kaltetuenen zerrendan buru jarririk. Igandean, irailaren 21ean, iragarri dute dagoeneko 200.000 direla AEBetan koronabirusak hildakoak: pandemiaren hasieran AEBentzako aurreikuspen katastrofikoenek iragartzen zuten eta Donald Trumpek lehenbiziko hilabeteetan hipotesitzat ere onartuko ez zuen kopurua.

Iparramerikarren ostean, Brasil dator zerrendan bigarren 136.000 heriotzarekin, India 87.000rekin, eta hamarrekoa osatzera datoz: Mexiko (73.258), Erresuma Batua (41.777), Italia (35.707), Peru (31.369), Frantzia (31.285), Espainia (30.495) eta Iran (24.301).

Koronabirusaren rankingak, ordea, bestelako itxura hartzen du heriotzak biztanle kopuruaren proportzioan kalkulatuz gero, alegia, heriotzak milioi bat biztanleko.

COVID-19ak munduan gehien kaltetu dituen 10 herrialdeak, zenbatuz heriotzak milioi bat biztanleko. (Iturria: Worldometers)

Tristea arren bere txikitasunagatik anekdotikoa gertatzen den San Marinoren kasua kenduta, Peru da munduan biztanleen proportzioan heriotza gehien nozitu dituen herrialdea, ia 950. Ondoren datoz Belgika (657), Andorra (686), Espainia (652), Bolivia (648), Brasil (643), Txile (641), Ekuador (626) eta hamargarren AEB (616). Eta ondotik hiru herrialde aberats gehiago: Erresuma Batua, Italia eta Suedia. Nabarmendu ditugun 15 lehenen ondoren dator 16. Frantzia (479).

Kontinenteka, galera handienak Ipar Amerikak dauzka orain artean, 298.530 hildako. Hego Amerikan 237.965 hil dira, Europan  216.186, Asian 177.173 eta, horietatik urrun, Afrikan 34.008 eta Ozeanian 885.