AEBetan gehiengo beltza duten konderrietan koronabirus bidezko infekzio tasa hiru aldiz handiagoa dute, eta heriotza tasa gehiengo zuria dutenetan baino ia sei aldiz handiagoa da. Washington Post egunkariak argitaratutako txosten batean aletu dituzte ageriko ezberdintasun hauek.
Milwaukee konderrian, adibidez, Wisconsin estatuan, afroamerikarrek koronabirusagatik hildakoen %70 inguru osatzen dute, eta biztanleriaren %26 baino ez dira. Chicagon ere oso antzekoa da egoera. Herritar beltzak zuriak baino sei aldiz gehiago hil dira. 118 hildakoetatik –hilaren 7ko datuak– %70 beltzak ziren eta Chicagon bizi ziren afroamerikarrak %32 dira.
Michiganen, afroamerikarrek koronabirusak eragindako kasuen %33 eta heriotzen %40 osatzen dute, eta populazioaren %14 baino ez dira. Estatu horretako heriotzen %25 baino gehiago Detroiten gertatu ziren, non beltzak biztanleriaren %79 diren.
Donald Trump presidenteak azalaren araberako ezberdintasun hori onartu zuen asteartean. "Zergatik da hiru edo lau aldiz okerragoa komunitate beltzarentzat gainontzeko jendearentzat baino?", galdetu zuen Trumpek. "Ez du zentzurik, eta ez zait gustatzen", esan zuen.
Errotiko arrazakeriaren ondorioa?
Datu hauen inguruan oso kritiko azaltzen diren hainbat lagunen iritziak jaso ditu The Guardian egunkari britainiarrak.
Zenbait ahots kritikok gogorarazi dute arrisku horiek nabarmen handitzen direla osasun-arretaren esparruan nagusi den “arraza-desberdintasunaren ondorioz”, hala nola osasun-etxeak ixtea nagusiki afroamerikarrak diren eremuetan edota murrizketak egitea baliabiderik gabeko pertsonentzako edo adinekoentzako osasun-arretarako programa publikoetan. Afro-amerikarrek bi aldiz aukera gehiago dute mediku-asegururik ez izateko, biztanleria zuriaren aldean, eta aukera gehiago dute osasun-zerbitzu egokirik ez duen eta lehen mailako arreta urria edo garestiegia duen eremu batean bizitzeko.
"Komunitate zuriak gaixotzen direnean, gu, komunitate beltzekook, gaixotasun beragatik hiltzeko mehatxupean gaude, osasun aseguru ezak autodiagnostikatzera eramaten gaituelako askotan", esan du David Bowenek, Wisconsineko legegileak.
Illinois estatuko gobernadore Jay Robert Pritzkerrek onartu du aurreiritzi arrazistek eragina izan dutela AEBetako estatuek koronabirusari emandako erantzunetan. Aste batzuetan konpondu ezin den "arazo konplexuago baten" parte dela uste du. "Zaila da hamarkadetan, mendetan, biztanleria beltzari eragindako desberdintasuna, osasun zerbitzuei dagokienez", adierazi du.
"Badakigu afroamerikarrak bereziki zaurgarriak direla. Bidegabekeria sozial, ekonomiko eta arrazista da", adierazi du Eskubide Zibilen Aldeko Abokatuen Batzordeko presidente Kristen Clarkek.