Aktibista eta politikari ugarik nabarmendu dute ez duela zerikusirik Donald Trumpen jarraitzaileek Washingtonen egindako erasoaldiari eman zaion erantzun lausoak, pasa den urtean Black Lives Matter mugimenduko protestek izan zuten jazarpenarekin.
Black Lives Matter sare globaleko kideen ustez, asteazkenean AEBetako Kapitolioaren asaltoan poliziak izandako jarrera “herrialde honetako segurtasun indarrek protesta baten aurrean duten hipokresiaren adibidea” baino ez da: “Ez zaitezte tronpatu, manifestariak beltzak balira, jo egingo gintuzketen, negarra eragiteko gasa jaurti, eta agian, tirokatu ere bai”.
AEBak zatitzen dituen alde hori agerian geratu da, CNNko Nicole Chavez kazetariaren arabera. Bere esanetan, pasa den ekainean antiarrazistek Washingtonen manifestazio baketsua egin zutenean, Guardia Nazionaleko tropak berehala ezarri ziren Lincoln Memorialeko eskaileretan “armaturik eta kamuflaje trajearekin”, gainera. Aldiz, Trumpen aldeko ehunka lagunek Kapitolioko eskailerak hartu eta eraikinean sartu dira, barruan “paseatu” dira hainbat orduz, eta ez dago garbi negarra eragiteko gasa zeinek jaurti duen. poliziak, manifestariek, hala biek.
CHAOS ON CAPITOL HILL: A massive crowd of protestors forced a lockdown as members of Congress inside debated over Republican challenges to Joe Biden's presidential victory. Some Trump supporters were chanting, "We took over the Capitol."
WATCH LIVE: https://t.co/epwfQJCsDl pic.twitter.com/Ks9UccaI2z
— ABC13 Houston (@abc13houston) January 6, 2021
Hedabide horri funtzionario federal batek azaldu dionez, ez zegoen aurreikusita Guardia Nazionaleko kideek esku hartzea –faxistek asaltoa egin eta denbora luzera baino ez dute aktibatu milizia erreserba hori–, nahiz eta duela hiru astetik ari ziren Trump eta bere zaleak Joe Biden presidente hautetsi demokrata berretsiko zuten egunerako protesta haizatzen.
Horren ordez, Kapitolioko polizia zibila jarri dute leporaino babesturiko eta armaturiko faxisten aurrean: “Polizia hori gehiago da udaltzain taldetxo bat beste ezer baino, eta gaindituta geratu dira”, esan du Mikel Aramendik Euskadi Irratian. Nazioarteko adituaren esanetan, asteazkenean ikusi duguna polizia erabiltzeko neurri edo modu “bikoitza” da, Black Lives Matterrekin konparatuta.
George Floyd herritar beltza polizia batek belaunarekin zapalduz hil zuenean, AEBetan sorturiko protestak zapaltzeko agenteek tiroak eta gasa erruz jaurti zituztela gogorarazi du Chavezek; modu prebentiboan Trumpen mitin tokiak desokupatzeko, zaldi gainean ikus daitezke adibidez, borrokarako kaskoak jarrita jendea sakabanatzen.
AEBetako giro soziala erabat gaiztoturik dago azken urteetan. Kalean, supremazista zuriek estatu administrazioaren sostengua izan dute Donald Trump boterera iritsi zenetik eta badakite poliziak ez duela beraien kontra egingo. Are gehiago, poliziaren barruan ekintzaile supremazistak daude infiltratuta, Michael German FBIko agente ohiak azalerazi duenez; Net Hurbil honetan azaldu zuen Jenofa Berhokoirigoinek bilakaera hori. Izan ere, polizia zein manifestari ultrei etsai bera jarri die Trumpek parean.