argia.eus
INPRIMATU
Autopsiak dioenez Daunte Wright, gazte afro-amerikarra tiroz hil du AEBetako poliziak
  • 20 urteko gazte bat hil du Minessotako poliziak apirilaren 11n. Autopsiak baieztatu du bularrean jaso zuen tiroa dela heriotzaren zergatia. Hilketatik denbora gutxira hainbat lagun elkartu dira tirokatua izan zen tokian gertakaria salatzeko.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 13a
Black Lives Matter protesta Minneapolisen. Argazkia: Fibonacci Blue/ Flickr

20 urteko Daunte Wright gizonezko afro-amerikarra hil du Minnesotako poliziak, Minneapolistik gertu dagoen Brooklyng Center hirian. Hennepin konderriko aztertzaile medikuaren bulegoak astelehen arratsaldean zehaztu zuen bularrean bala batek eragindako hilketa izan zela. Autopsia egin duen mediku bulegoa agintaritza independentea da. 

Tim Gannon poliziaburuak aldiz, igandeko prentsaurrekoan hilketa "akats" bat izan zela esan zuen: Wrighti tiro egin zion agenteak, hura atxilotzen saiatu zenean, suzko arma taser batekin nahastu zuela.

Berria egunkarian irakur daitekeenez, hilketaren berri izan eta jarraian hainbat lagun elkartu ziren tiroketa gertatutako lekuan. Hildakoaren senideek lasaitasuna eskatu dute bertaratzeetan eta istilurik gabeko elkarretaratzea lortu zuten hasieran. Gauean tentsioa handitu egin zen eta hainbat pertsonek hiriko merkataritza guneei eta polizia ibilgailuei eraso egin zieten. Poliziak elkarretaratutako herritarren aurka jo zuen. Geroago, hurbildutako 500 pertsonak sakabanatu egin ziren AEBetako Guardia Nazionala heldu zen momentuan.

Protestek astelehen gauean ere jarraitu dute, ElDiario.es hedabidean irakur daitekeenez. Manifestariak Brooklyn Centerreko Polizia estazioaren aurrean batu ziren.

Black Lives Matter mugimenduak babesa erakutsi du.

AEBetako presidente den Joe Bidenek ere gertakariaren inguruan hitz egin du bere Twitter kontuan.

George Floyd

Maiatza amaieran beteko da urtebete Poliziak George Floyd afro-amerikarra itota hil zuela. Aste honetan hasi da Eric Nelson, gaztea hil zuen polizia ohiaren aurkako epaiketaren hirugarren astea. Epaiketa Floyden anaiaren eta Jonathan Rich kardiologoaren testigantzekin hasi da. Medikuak adierazi duenez, Floyden heriotza “erabat saihets zitekeen", eta baztertu egin du bihotz-gelditzeagatik edo drogen gaindosiagatik hil zela.