Arma gabeko gizon beltz bat polizia txuri batek tiroz eraila izan zen North Charlestonen (AEBak). Asteartean Michael Slager poliziari hilketa akusatu zioten, lekuko batek telefono mugikorrarekin grabatutako bideo argia ikusi ostean. Irudiek Walter Scott nola tirokatzen duen jasotzen dute. Hasiera batean Slagerrek eginiko gertakarien kontakizuna kolokan jarri du bideoak.
Honako hau ez da gertaera isolatua. Azken aldian ugaritu egin dira polizia txuriak tartean dauden pertsona beltzen erailketa kasuak, besteak beste Michael Brown-en hilketa Fergusonen eta Eric Garner-ena New Yorken. Gertakari horiek arrazakeriaren kontrako protestak sortu dituzte AEBetan.
Testuinguru honetan, tiroketen nazio mailako datu zehatzen falta nabarmen geratu da. Lowdown atari digitalak plazaratutakoaren arabera, poliziekin zuzenean zerikusia duten erailketen inguruan FBIk dituen datuak osatugabeak dira. Horren aurrean, “crowsourced” webgune independienteak sortu dituzte poliziak tartean dauden hilketen kasuen datuak kolektiboki lortu aldera.
Horietako bat Brian Burghart Reno News & Review agerkari digitaleko zuzendari eta editoreak kudeatutakoa da. Istilu guztien erdia biltzen ez baditu ere, FBIk plazaratutakoak baino askoz gehiago dituzte Lowdown-en arabera.
2011tik hona polizia tartean egondako egiaztatutako 2.695 hilketa jaso ditu atariak grafika batean, 1 point 21 diseinu enpresak egina.