argia.eus
INPRIMATU
AEBetako Poliziak metanfetamina edateko esan zion gazte mexikar bati, bi ordura hil zen
  • AEBetako mugako poliziek San Diegon Cruz Velazquez Acevedo izeneko 16 urteko mexikarrari metanfetamina likidoa edateko esan zioten, egunotan argitara eman den bideo batean ikus daitekeenez eta Democracy Now hedabidean jaso dutenez. Bi ordura hil zen gaztea.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2017ko abuztuaren 07a

2013an, Tijuanatik Californiarako bidea gurutzatzen ari zen gaztea mugan geratu zuten poliziek, eskuetan botila bana zuela. Sagar zukua zela esanez saiatu zen bere burua defendatzen. Bideoan ikusten denez,  mugako agenteek irribarre artean, behin baino gehiagotan esan zioten handik edateko, ez zela gezurretan ari erakusteko.

Botilatik edan ostean, minutu gutxira, 16 urteko mexikarraren gorputza dardarka, "Mi corazón" ("Nire bihotza") oihuka hasi zen. Bi ordu beranduago hil zen. Ez dute inongo agenterik zigortu gertatutakoagatik.

Epaiketa baten ostean, AEBek Acevedoren familiari milioi bat dolar ordaindu diote "heriotza injustuagatik".

Azpian ikus daiteke orain gutxi argitaratutako bideoa.

/