argia.eus
INPRIMATU
AEBetako marine ohia: “Ukrainako naziak entrenatu genituen”
  • Maidanaren hasieran Ukrainako naziak bultzatu eta entrenatu zituztela onartu du Scott Ritter AEBetako marine ohiak, eta ondoren entrenatutako talde horiek Ukrainako armadan integratu zirela gehitu du.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko martxoaren 15a

George Galloway kazetari britaniarrak zuzendutako The Mother of All Talkshows programan Scott Ritter AEBetako Marineen Inteligentzia Gorputzeko kide ohia elkarrizketatu dute, Ukrainako inbasioaren harira, eta mendebaldeko hainbat potentziek 2014tik Ukrainak izan duten jarrera nolakoa izan den azaldu du.

Ritterren esanetan, AEBek, Kanadak eta Erresuma Batuak Ukrainako naziak entrenatu dituzte maidana hasi zenetik, eta ondoren talde horiek Ukrainako armadan integratu zirela gehitu du, Azov Batailoia, esaterako. Horrez gain, mendebaldeko herrialdeek entrenatutako nazi batzuk armadako postu altuetara iritsi zirela ere adierazi du.

Nazi hauek "NATOren taktikekin" entrenatu dituztela gehitu du Ritterrek: "Lotsagarriena Kanadako, AEBetako eta Erresuma Batuko tropak NATOko taktikekin eta armekin entrenatzen dituztela. Argazkiek demostratu dute Azov Batailoia entrenatu dutela. Naziak ari gara entrenatzen, literalki".

Maidanaren bereganatzea

Hasieran maidana mugimendu oso zeharkakoa eta anitza izan zela dio Ritterrek, Yanukovich presidentea Europar Batasunetik urruntzen ari zela salatzeko. Ezkertiarrak eta eskuindarrak zeuden mugimendu horretan, eta horien artean naziak ere bazeuden. Ritterren arabera, hasieran nahiko marginalak ziren, baina Europar Batasunak eta AEBek talde nazi biolento hauek finantzatu eta indartu zituztela dio, Yanikovich boteretik kendu ahal izateko.

"AEBek eta Europar Batasunak Ukrainako talde nazionalista biolento hauek mobilizatu zituzten; tartean, Stepan Bandera nazien kolaboratzailea gurtzen duten neonaziak. Jende hau maidanera iritsi eta mugimenduaren kontrola hartu zuten, ondoren Ukrainako presidente legitimoa boteretik kendu zuten, eta indarrez biolentzia ezarri zuten Ukrainako politikan", dio Ritterrek.

Ritterrek dio maidanaren osteko gobernuek ez dutela neonazi hauen aurka egin, eta horren ordez Ukrainako armadan integratu dituztela gehitu du: "Lerro guztietan ofizial naziak egotea bultzatu zuten, horregatik daude neonaziak edonon", dio.

AEBetako ahots kritikoa

1984tik aurrera, Scott Ritter AEBetako Marineen Inteligentzia Gorputzean egon zen, eta azken urteetan AEBek bultzatutako gerren aurka agertu da behin baino gehiagotan.

Irakeko gerraren aurka agertu zen, eta hainbat telebista programetan hartu zuen parte. Irakeko inbasioaren aurretik, Ritterrek adierazi zuen gezurra zela Irakek suntsipen masiborako armak zituela, eta mendebaldeko herrialdeak gezur hori inbasioa justifikatzeko erabili zutela gehitu zuen.

Siriarekiko eta Iranekiko AEBek duten politika ere kritikatu du behin baino gehiagotan.