argia.eus
INPRIMATU
AEBetako hauteskundeetan iruzur frogarik ez du aurkitu Trumpen gertuko fiskal nagusiak ere
  • AEBetako fiskal nagusiak, William Barrek, jakinarazi du ez dela hauteskundeetako emaitzak aldatuko dituen frogarik aurkitu. 

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 02a
William Barr AEBetako fiskal nagusia (ezkerrean) Donald Trumpekin.

William Barr AEBetako fiskal nagusiak astearte honetan iragarri du Justizia Departamentuak ez duela hauteskundeetan iruzur egin izanaren frogarik aurkitu. Barr Donald Trumpen aliatu nagusietako bat izan da. Trumpek, bere aldetik, abenduaren 1era arte ez du Joe Biden aurkari demokrataren aurkako porrota onartu.

Trumpek eta bere kanpainako taldeak salaketak aurkeztu zituzten bozak galdu zituzten estatuetan. Gainera, azaroaren 3ko bozketaz geroztik, Trumpek behin eta berriz esan du hauteskundeak iruzurra izan direla. AEBetako jarduneko presidentearen taldeak nazioarteko ustezko konplot bat ere aipatu zuen, beraien esanetan Bideni garaipena emateko antolatu zena.

Biden garaile izendatu zutenean, Rudy Giuliani Trumpen aholkulari pertsonala eta New Yorkeko alkate ohia buru zuen talde legal batek, auzitara eraman zituen porrotean giltzarri izan ziren estatu guztietako zenbaketak. Trumpen taldearen teoria konspiratiboak ezohiko mailetaraino iritsi ziren mugimendu horrekin.

Baina hasieratik inor gutxi konbentzitu duten teoria horiek nabarmen jausten ari diren momentura arte itxaron du William Barr fiskalak hauteskundeetan ez dela iruzurrik egon baieztatzeko. Trumpek izango duen etorkizun politikoari buruzko zurrumurruak ugaritzen ari dira dagoeneko. 2024an hautagai izateko asmoa duela esan die bere ingurukoei. 

Errepublikanoak 170 milioi dolar inguru eskuratu ditu azaroaren 3tik, AEBetako hainbat hedabideren arabera, borroka legala finantzatzeko eskatutako dohaintzei esker.