argia.eus
INPRIMATU
AEBetako inteligentzia zerbitzuek “terrorismoaren aurkako formakuntza” eman zioten Ertzaintzari Ibarretxeren garaian
  • 2004an Ertzaintzak "antiterrorismoari buruzko formakuntza" jaso zuen AEBetako funtzionarioen eskutik, AEBetako Estatu Departamentuak desklasifikatu duen dokumentu batean agertzen denez. José María Aznarren gobernuak AEBetako nazioarteko politikei eta Afganistango eta Irakeko gerrei emandako baldintzarik gabeko babesaren truke, kontraprestazio batzuk jaso zituen Espainiako Estatuak. 2001eko Irailaren 11ko atentatuen ostean AEBek abiatutako "terrorismoaren aurkako gerraren" testuinguru horretaz baliatu zen Juan José Ibarretxeren agindupeko Eusko Jaurlaritza ere, ETAren aurka egiteko.

Axier Lopez @axierL 2021eko ekainaren 01a
Ertzaintzaren atxiloketa bat Ondarroan. Argazkia: RTVE

AEBetako Estatu Departamentuak orain desklasifikatu duen txostena 2005eko martxoan idatzitakoa da, eta Público hedabideko Danilo Albin kazetariak eskuratu eta aletu du. George W. Bushek eta José María Aznarrek zuzentzen zituzten gobernuen arteko "harreman onek" elkarren arteko laguntza erraztu zuten "terrorismoaren aurkako borroka globalean". Testuinguru horretan, eta desklasifikatutako agiriaren arabera, Bush-en inteligentzia zerbitzuek Juan Jose Ibarretxe jeltzalearen agindupeko Eusko Jaurlaritzarekin ere harremanak izan zituzten 2004an: "AEBk terrorismoaren aurkako formakuntza eman diote EAEko Poliziari", dio txostenak. Orduan Javier Balzak zuzentzen zuen Herrizaingo Saila. Publico-k galdetuta, Eusko Jaurlaritzak  ez du gai honi buruzko inolako iruzkinik egin nahi izan.

2005eko agiri horrek AEBetako funtzionarioek emandako beste saio baten berri eman du: "ikerketari" buruzko formazioa jaso zuen Ertzaintzak, Mossoekin eta Espainiako Poliziarekin batera.

1999-2009: Ertzaintza, Ibarretxe-Balza eta tortura

1960 eta 2014 artean Euskal Herrian izandako tortura kasuen inguruko Jaurlaritzaren txostenaren arabera, Ertzaintzak 336 herritar torturatu ditu, garai hartako 4.113 tortura kasuen artean. Juan Jose Ibarretxe lehendakari eta Javier Balza barne sailburu ziren hamarkadan –1999 eta 2009 artean– 125 lagun, gutxienez, torturatu zituen Ertzaintzak. Balzak garai hartan, behin baino gehiagotan ukatu zituen Ertzaintzaren torturak komunikabideetan eta Legebiltzarrean. Adibidez, atxilotuek egindako tortura salaketak "galdeketetan parte hartzen duten ertzainak identifikatzeko kontsigna gisa ezarritako ohiko praktika" direla esan zuen Balzak 2002an.

Javier Balza politika profesionalaren lehen lerroa utzi zuen Barne sailburua izatearekin batera. 2009tik abokatu ari da Uria Menendez kabinetean, Espainiako kapitalismoaren erreferentzia nagusietako bat. Josu Jon Imaz alderdikidea buru zuen Petronorren defentsan aritu izan da.