argia.eus
INPRIMATU
AEBetako Erreserba Federalak galga sakatu du, baina herritarren poltsikoak estutzen jarraitzen du
  • Interes tasak %0,25 igo ditu AEBetako banku zentralak, esandakoa baino gutxiago, baina uste zena baino gehiago. Txosten baten arabera AEBetako 186 banku kiebra arriskuan daude momentu honetan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko martxoaren 23a
Jerome Powell Fedeko presidentea, martxoaren 22ko prentsaurrekoan. Irudia: Fed.

Silicon Valley Bank-en hondamendiak eta bankuen egoera kaskarrak ez dira nahikoa izan AEBetako Erreserba Federalak (Fed) orain arteko norabidea aldatzeko: interes tasak %0,25 igo ditu eta jadanik %4,75 eta %5 inguruan daude herrialde hartan.

Duela aste batzuk Jerome Powell erakunde horretako presidenteak iragarri zuen gutxienez %0,50 igoko zituela interes tasak, inflazioa oraindik oso goian dagoela argudiatuta. Haatik, bankuen sektorean gertatzen ari den ekaitzaldiaren ondorioz, erabaki hori atzera bota eta azkenean bere horretan utziko zituela uste zuen analista askok. The Washington Post egunkariak bere editorialean hala iradoki zuen igande honetan: “Bankuen kiebrek beldurra ematen dute”, zioen.

Inflazioa borrokatzea bere existentziaren arrazoitzat duen erakundeak galga sakatu du, eta horrek ikusarazten du finantza sektorearen egoera uste baino okerragoa izan daitekeela

Inflazioaren suhiltzaile izan edo bankuen salbatzaile… ez bat ez beste. Ataka horretan Fedek erabaki salomonikoa hartu duela dirudi, eta erdibidean geratu da.

Baina inflazioa borrokatzea bere existentziaren arrazoitzat duen erakundeak galga sakatu du, eta abiadura mantsotze horrek ikusarazten du finantza sektorearen egoera uste baino okerragoa izan daitekeela.

186 banku kiebra egiteko zorian

Pasa den astetik bolo-bolo dabil AEBetako bankuen inguruko txosten bat. Social Science Research Network aldizkarian argitaratua (pdf), ikerketak ohartarazten du bankuen aktiboen balioa –daukaten ondasun, berme eta kaudimena– kontabilitate liburuetan agertzen dena baino ia bi bilioi dolar gutxiagokoa izan daitekeela, azken urtean izandako interes tasen igoeragatik.

Txostenaren arabera, AEBetako 186 banku Silicon Valley Banken egoera berean aurkitzeko arriskuan daude; nahikoa izango litzateke bezeroen erdiak dirua ateratzea bankuak hondoa jotzeko. Denera 300.000 milioi dolar leudeke arriskuan, gordailu horiek aseguratu gabe daudelako.

Eta oinarrizko nozio bati kasu egitea nahikoa da halakorik gertatu daitekeela ikusteko: “Gordailuak dituzten bezero guztiak berdinak badira, modu eta norabide berean ibiliko dira, eta aldi berean”. Daniel Cohenek azpimarratu du arrisku hori, 2007ko higiezinen burbuilarekin alarma piztu zuen ekonomialari frantziarrak, eta Bloomberg agentziak jaso du hemen.

Silicon Valley Bank-en hondoratzeak AEBetako finantza sektorean beste banku txiki asko egoera berean egon daitezkeela azalerazi du. Irudia: RTVE.

Langabetuak zeinek salbatuko ditu?

Egoera horrek eragin du, dirudienez, AEBetako banku zentralak aurpegi laxoagoa jartzea oraingoan. Izan ere,  “Fedek estutzen duenenean, zerbait hausten da”, dio esaerak, The Washington Post-ek editorial berean gogorarazi duen moduan.

Jerome Powell Fedeko buruak AEBetako kongresuan aitortu zuen interes tasak igotzearen helburua langabezia igotzea dela

Baina finantza merkatua hausteko beldurrez denari, familia askoren bizitza haustea bost axola zaio. Hala erakutsi zuen AEBetako kongresuan Powellek, aitortu zuenean interes tasak igotzearen helburua langabezia igotzea dela, kontsumoa gutxitu, ekonomia hoztu eta inflazioa jaisteko.

Hitz horien aurrean Elizabeth Warren senatari demokrataren erantzuna nabarmendu dute Democracy Now! gunean. Ikerketa bat abiatzeaz gain, Fedeko burua “despeditzea” eskatu dio Joe Biden AEBetako presidenteari, “finantza araudiak desegin eta interes tasak igotzen jarraitzeagatik, aurreikuspenen arabera horrek bi milioi pertsona lanik gabe utziko dituen arren”.

Herritar askorentzat, %0,25 izan baitaiteke hipoteka ordaindu edo ez, etxera soldata bat eraman edo ez, eta berogailua piztu edo ez aseguratuko dion hari estua.