AEBetako 104 erreaktore nuklearrek konponezinak diren segurtasun arazoak dituzte eta aldatu beharko lirateke. Horrela adierazi du AEBetako Nuklearren Batzorde Arautzailearen presidente ohi Gregory B. Jaczkok.
Matthew L. Wald The New York Times egunkariko kazetariaren arabera, “oso arraroa” da segurtasun batzordeko kide batek halako hitzak esatea. Fukushimako azken gertakarien ondorioz, egoeraren larritasunaz konturatu dela onartu du Jaczkok. Bere ustez, “adabakiek ez dute arazoa konponduko”.
AEBetako planta nuklearrek Fukushimaren antzeko segurtasun neurriak hartzen dituzte, Jaczkok dioenez.
60 urtez martxan egon diren erreaktoreek ez dute 20 urteko luzapena jasoko, presidente ohiak dioenez. AEBetako politika nuklearrak zaharrak berritzearen alde egin du azken 30 urteetan, eta erreaktoreak zaharkituta dauden albisteak errezeloa sor dezake agintarien artean.
1979an Three Mile Islanden istilu larri bat gertatu zenean, AEBek “erabilera zibilerako” erreaktoreak eraikitzeari utzi zioten. Azken hamarkadan, politika hori berreskuratu nahian ibili dira, gune batzuetan teknologia berriko erreaktoreak eginez.
Energia Nuklearraren Institutuko zuzendari Marvin S. Fertelek azpimarratu du AEBetako gune nuklearrak seguruak direla, eta ez dio garrantzirik eman Jaczkok esandakoari.