Mississippi estatuko abortuaren aurkako lege baten aldeko epaia eman du AEBetako Auzitegi Gorenak. Aldi berean, abortatzeko eskubide konstituzionala arautzen zuen Roe v. Wade aurrekaria bertan behera utzi du auzitegiak, estatu bakoitzaren esku utziz erabakimena.
AEBetako Auzitegi Gorenaren gehiengoaren arabera, herrialdeko konstituzioak "ez du mugatzen estatu bakoitzak abortua erregulatu ahal izatea". Hori izan da duela 50 urte ezarritako aurrekaria atzera botatzeko argudioa. Roe v. Wade kasuak AEBetako lurraldearen luze-zabalean haurdunaldia eteteko eskubidea bermatzen zuen, gobernuaren gehiegizko murrizketarik gabe, eta urte luzez egon da kontserbadoreen jo-puntuan. Gehiengoz hartu du erabakia epaitegiak eta hiru epaile liberalek desadostasuna adierazi dute.
NPR hedabideak jaso duenez, 25 estatu baino gehiagotan prest dauzkate abortua mugatu edo debekatzeko legeak, Auzitegi Gorenak Roe v. Wade kasuak ezarritako aurrekaria bertan behera uztearekin batera indarrean sartuko direnak. Hain zuzen ere, 1973ko kasuak estatu mailako eta maila federaleko hainbat lege bertan behera utzi zituen, eta behin atzera botata estatu bakoitzari dagokio abortatzeko eskubidea bermatzeko edo debekatzeko eskumena.
Behin lege hori atzera botatakoan abortatzea ilegala bilakatuko da hainbat estatutan. Idahon, esaterako, 30 egun barru ia erabat legez kanpokoa izango da abortatzea, eta legea urratzen duten medikuek kartzela-zigorrak jaso ahalko dituzte. Texasen ere erabat debekatuko dute haurdunaldia etetea.