argia.eus
INPRIMATU
AEBetako aberatsenek %20ko gutxieneko zerga ordaintzea nahi du Etxe Zuriak
  • Joe Biden AEBetako presidenteak aurkeztutako proposamenak 700 bat familiari eragingo lioke: %20ko gutxieneko zerga ordaindu beharko lukete eta horri esker administrazioak 360.000 milioi dolar gehiago bilduko lituzke hamar urtetan. Aberatsenek proportzioan “irakasle eta suhiltzaileek baino zerga gutxiago” ordaintzen dutela gogoratu dute.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 29a
Neurria onartuz gero, Elon Musk-ek 50.000 milioi dolar gehiago ordainduko lituzke zergetan.

100 milioi dolar baino gehiago duten familiei (700 bat guztira, AEBetan) baino ez die eragiten proposamenak. Gaur egun, adibidez, horietako 400 familiak %8 inguru ordaintzen du zergetan, “irakasleek eta suhiltzaileek baino gutxiago”.

Esaterako, Teslako presidente Elon Musk-ek 50.000 milioi dolar gehiago ordainduko lituzke zergetan, eta Amazoneko fundatzaile Jeff Bezos-ek 35.000 milioi dolar gehiago.

Zertan inbertituko da bildutako dirua?

Aberastasun handien gaineko gutxieneko zergaz gain, bestelako aldaketak ere egin nahi ditu Etxe Zuriak zerga sisteman, eta horri esker administrazioarentzako 2,5 bilioi dolar gehiago lortu nahi ditu hurrengo hamarkadan.

2,5 bilioi dolar horietatik, bilioi bat defizita murrizteko erabili nahi du Bidenek, eta beste 1,5 bilioi gastu berrietan, esaterako 795.000 milioi dolar bideratu nahi ditu aurten gastu militarrera. Gastu sozialean 915.000 milioi dolar inbertitu nahi ditu (etxebizitzan, hezkuntzan, osasun mentalean, minbiziari aurre egiteko eta opiazeoen epidemiaren kontra, besteak beste).