argia.eus
INPRIMATU
Irailaren 11ko atentatuez geroztik, AEBek ia milioi bat pertsona hil dituzte “terrorismoaren aurkako gudan”
  • AEBek 900.000 pertsona hil dituzte 20 urtean mundu zabalean egiten ari diren "terrorismoaren aurkako gerra” delakoan. Heriotza horiek bonba, bala edo su bidez eragindakoak dira soilik, kontaketatik kanpo geratzen dira gudek zeharka eragindako beste heriotzak. Brown Unibertsitateko Gerraren kostua ikerketaren arabera, AEBek 8 bilioi dolar xahutu dituzte.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 25
Afganistango eta Pakistango gerra eremuetan 2,3 trilioi dolar xahutu dituzte. / Argazkia: Afganistanen AEBetako soldatutak, artxiboko irudian. Dvidshub bidez.

2001eko irailaren 11ko atentatuen harira hasi zuten “terrorismoaren kontrako gerra” AEBek, NATOren laguntzaz, eta Brown Unibertsitateak kaleratutako “Gerraren kostua” ikerketaren arabera, gutxienez 900.000 pertsona hil dira horren ondorioz azken 20 urteetan. Egun, AEBko militarrak munduko 85 herrialdetan daude presente, 79tan lekuan lekuko armadak entrenatzen dituzte, hamabi herrialdetan guda egoeran daude eta zazpitan aire erasoak egiten dituzte.

Bonbek, balek edota suak zuzenean hil dituztenak soilik dira horiek; AEBetako militarrak, soldadu aliatuak eta oposiziokoak dira asko, baina hildako ugari dira zibilak (380.000 inguru), baita kazetariak (680) eta giza-laguntzako langile eta boluntarioak (892) ere. Zifra horretatik kanpo daude gerrak zeharka eragin dituen beste heriotzak, gaixotasunei, behartutako lekualdatzeei eta jan-edanak eskuratzeko ezintasunei lotutakoak.

AEBen gaur egungo indar armatuen presentzia 85 herrialdetan.

Herrialdeak gerra horietan erabilitako diru kopurua ere zehaztu dituzte: 8.000.000.000.000 dolar. Catherine Lutz ikerketako zuzendarikideak ohartarazi du herritarrek ez dakitela zenbaterainoko dirutza xahutzen duten gerretan:

“Pentagonoak eta AEBetako indar armatuek xurgatu dute aurrekontu federalen zatirik handiena, eta herritarren gehiengoak ez daki. Gure eginbeharra da, orain eta datozen urteetan, jendea jakinaren gainean jartzea gerren finantzaketaren jatorriaz eta tamainaz”.

Zehaztu dutenez, 8 bilioi dolarretatik 2,3 Afganistango eta Pakistango gerra eremuetarako erabili dituzte. Joe Biden AEBetako presidenteak azterlan honetako datuak aipatu zituen abuztuan, Afganistandik tropak aterako zituztela justifikatzeko. “Jada ez genuen helburu argirik Afganistango misioan, ez zuen amaiera zehatzik”, laburtu zuen.

Hala ere, nahiz eta armada handik atera, ikerketak ondorioztatu du gerraren kostua ordaintzen jarraituko dutela, hala nola soldadu beteranoen soldatetan eta ingurumenari eragindako kalteak konpontzen: “Hemendik 20 urtera segiko dugu Afganistango eta Irakeko gerrek sortutako kostu sozial handiak izaten, tropak bertatik atera eta denbora asko geroago”, azpimarratu du Stephanie Savell zuzendarikideak.

Gai honekin lotuta, orain gutxi New York Times-ek argitaratu du AEBek milaka zibil hil dituztela droneekin eginiko erasoetan eta inpunitatea dela nagusi militarren artean.