argia.eus
INPRIMATU
AEBen erasoa ekidingo luke Al-Assadek arma kimikoak entregatzeak?
  • Amerikako Estatu Batuek Siria erasotzea ekidin ezina zela bazirudien ere, John Kerry AEBko estatu idazkariaren adierazpenek eragindako erreakzio kateak, ate berri bat ireki dio Al-Assaden Gobernuari: arma kimikoak nazioarteko erakundeen kontrolpean uztea. Siriako Atzerri ministroak jakinarazi duenez, aukera baliatzeko prest daude.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko irailaren 10a
John Kerryren adierazpenek Siriako erasoa ekindin lezakete.

Astelehenean Londresen, Assaden gobernuak erasoa ekiditeko aukerarik ba ote zuen galdetu zion kazetari batek John Kerry estatubatuarrari. AEBetako estatu idazkariak erantzun zuen Siriako Gobernuak arma kimiko guztiak nazioarteko komunitatearen esku utz zitzakeela, nahiz eta berehala “hori gertatzea ezinezkoa dela” gaineratu.

Kerryren adierazpenak baliatuz, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak prentsaurrekoa eskaini zuen berehala,  Al-Assad-i arma kimikoak nazioarteko erakundeei emateko eskatuz. Horrez gain, Siriako Atzerri ministroarekin bildu zen Lavrov, baita bere onarpena erdietsi ere. Wallid al-Moallem ministroak Errusiaren proposamena “ongi etorria” dela adierazi zuen bileraren ostean.

Obama zalantzati

Kerryren adierazpenak “erretorikoak eta bat-batekoak” izan zirela adierazi zieten bere aholkulariek kazetariei. Haatik, sortu zituen erreakzioak geldiezinak dira, eta Obamak ere tonua aldatu behar izan du.

Adierazi duenez, Errusiaren proposamena positiboa da. “Arazoa modu baketsuan konpon badezakegu, nahiago dut hori indakeria erabili behar izatea baino”. Hala ere, Siriak arma kimiko guztiak eman dituela frogatzea zaila izango dela uste du. “Hori gerta dadin, presio militarrarekin jarraitu beharra dago”.

Asteartean, AEBetako presidenteak Sirian esku hartzeko baimena eskatuko die herritarrei. Bien bitartean, asteazkenean Senatuan erasoa baimentzeko egitekoa zen bozketa atzeratzea erabaki dute, azken egunotako gertaerak direla eta.