argia.eus
INPRIMATU
AEBek uraniozko munizioa bidaliko dute Ukrainara
  • AEBetako idazkariaren arabera, uranio pobretua duten munizioak ohiko artilleria baino astunagoak dira, eta blindatuen aurka "oso eraginkorrak".

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 07a
Uranio pobretua ukrainarren tankeetan erabiltzeko izango da.

AEBek uranio pobretua duten munizioak bidaliko dituzte Ukrainara. Tankeetan erabiltzeko lehergailuak izango dira, eta Antony Blinken AEBetako idazkariak azaldu duenez, ohiko artilleria baino astunagoak dira, eta blindatuen aurka "oso eraginkorrak".

AEBek uraniozko armamentua Ukrainara bidaliko duten lehen aldia izango da. Pentagonoan eztabaidagai izan da bidalketa, munizioak sortzen duen kutsaduragatik. AEBetako zenbait goi-kargu militarrek adierazi dute ez duela arrisku erradiaktiborik, baina ez du hala uste Errusiak. Serguéi Riabkov Errusiako Atzerri ministrordeak "ekintza kriminal" gisa definitu du AEBen bidalketa. "Washingtonek ingurugiro mailako ondorioei dien mespretxuaren isla da borroka lurraldeetan mota horretako munizioak erabiltzea".