argia.eus
INPRIMATU
AEBek Txileko estatu kolpearen inguruko dokumentuak desklasifikatu dituzte
  • 1973ko estatu kolpea gertatu baino lehen Nixon garaiko AEBtako presidenteak jasotako dokumentuak argitaratu ditu Washingtonek ostiralean, Alexandria Ocasio-Cortez AEBtako Ordezkarien Etxeko kideak Txileri egindako bisita ondoren. Ocasio-Cortezek gardentasuna eskatu du, Pinocheten estatu kolpean AEBn rola zein izan zen ezagutzeko.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 29a
Pinochet eta AEBetako Estatu Idazkari ohi Kissingerren arteko bilera. Argazkia: Ministerio de Relaciones Exteriores de Chile/CC BY 2.0

AEBtako Estatu Sailak Txileko estatu kolpea baino lehen Nixonek jasotako bi txosten desklasifikatu ditu, demokraten presioaren ondoren. 1973ko irailaren 8ko eta 11ko dokumentuak dira, Salvador Allende presidentea bota zuen estatu kolpea gertatu aurrekoak.

Txostenetan hainbat nazioren egoeraz jakinarazten zaio Nixoni, tartean Txile. Txileko Armadaren mugimenduak jasotzen dira, baita Unidad Popular osatzen zuten taldeen erresistentzia eta estatu kolpe militar baten aukerari buruzkoak ere.

Irailaren 8ko txostenean azaltzen da “kolpe militarra gertatu daitekeela”, Txileko Marinak hauspotuta. Marinak Armadaren eta Aireko Indarren babesa eskatzen zuten, baina hiru zerbitzuen arteko kolperik ez zen antolatu. Marinako ofizialak eskuineko talde paramilitarrekin lan egiten ari direlaren aztarnak daudela ere esaten dute. Txostenean Allendek “irtenbide bakarra politikoa” dela dio.

Irailaren 11ko txostenean, bestalde, Marinaren estatu kolpea egiteko planaren inguruan ari da, Armadaren eta Aireko Indarren babesarekin orain. Halaber, aipatu da “Sozialistek, komunistek eta muturreko ezkerrekoek ez dute atzera egingo”.

Nixonek eta CIAk babestutako estatu kolpea azkeneko txostenaren egunean gauzatu zen. Azkenean, Allendek bere buruaz beste egin zuen eta Pinocheten diktadura ezarri zen, 1990 arte. Diktaduran, CIAk onartu duen moduan, “giza eskubideen aurkako eraso sistematikoak” izan ziren. 1998an atxilotu zuten, baina epaitu baino lehenago hil zen, 2006an.