argia.eus
INPRIMATU
Siriako Gobernuaren aurkako lehen eraso militarra egin dute AEBek
  • Siriako armadaren base bati misilez egin diote eraso AEBek. Donald Trumpen gobernuaren aldebakarreko erabakia izan da, Kongresuaren onarpenik gabe, Siriako armadak leku horretan arma kimikoak gorde eta erabili dituela argudiatuta.

Axier Lopez @axierL 2017ko apirilaren 07a
Argazkia: Getty Images

Gerra-itsasontzi batetik jaurtitako bost dozena misilek Shayrat base militarra jo dute, Homs hiritik 30 kilometrotara dagoena. Momentuz, bost dira hildakoak. Siriako aire-armadak gerran sarri erabilitako gunea da Shayrat.

AEBen parte-hartzea gerran ez da berria, laguntza oparoa eskaini die Bashar al-Assaden gobernuaren aurkako indarrei, baina ostegunekoa da ofizialki egin duten lehen eraso zuzena, 2011n gerra piztu zenetik. Orain arte Estatu Islamikoa –Daesh– izan dute helburu estatubatuarren bonbek. 

Eraso kimikoak
70 lagun hil ziren apirilaren 4an Jan Sheijún herrian izandako eraso kimikoan. Siriako Gobernuak ukatu egin du eraso horren erantzunkizuna, baina Trumpen gobernuak Shayratetik abiatutako Siriako armadako hegazkinak jo ditu erruduntzat. Errudunak zigortzeko eta "Amerikaren segurtasun nazionalaren hobe beharrez" egin dituela erasoak adierazi du AEBetako presidenteak. Arabiar hedabide gehienetan oso bestelakoa da Shayrat base militarreri egozten dioten funtzioa: Daeshen aurkako erasoak bideratzeko Siriako armadak gehien erabiltako gunea da.

Aldebakarreko erabakia
Gerra erasoa izan bada ere, Kongresuko ordezkarien iritzia kontuan hartu gabe hartu du erabakia AEBtako Gobernuak. Donald Trumpek 2013en aurreko presidente Barack Obama kritikatu zuen egun berak egin duena egitegatik, Kongresuaren onarpenik gabe Siria bonbardatzeagatik.

NBEko Segurtasun Kontseiluaren larrialdiko bilera eskatu du Errusiak erasoa ez duelako begi onez ikusi. “Herrialde burujabe baten aurka jo izanak kaltetuko du AEB eta Errusiaren arteko harremana" adierazi du. Turkiak eta Erresuma Batuak, aldiz, babesa adierazi diote Donald Trumpen gobernuari.