argia.eus
INPRIMATU
AEBek Iranen aurka hasitako gerra gaitzetsi dute dozenaka hiriburu estatubatuarretan
  • Deialdia "Ekialde Hurbileko gerra berri baten aurka eta AEBetako indar militarrak ateratzearen alde" egin zela azaldu dute antolatzaileek.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 07a
New Yorken egin zuten manifestazioa. (Irudia:EFE)

Urtarrilaren 3an Ameriketako Estatu Batuek Irango Guardia Iraultzaileko Al Quds Indarretako komandante Qasem Soleimani erail zuten, eta irandarren oldarraldia eragin zuen horrek. Protesta ugari izan dira AEBetako presidente Donald Trumpek agindutako erasoarengatik, Soleimaniri egin zioten agur jendetsua adibide, non ezbeharra gertatu zen, 40 bat hildakorekin eta dozenaka zauriturekin.

Baina ez Iranen bakarrik: Democracy Now! webguneak jakitera eman duenez, Washington, New York eta San Frantzisko bezalako hiri estatubatuar handietan ere protesta ugari egin zituzten larunbatean. Iranen aurkako gerrari bizkarra emateaz gain, tropa estatubatuarrak bertatik eramatea eta Trumpen gobernuak Iraken aurka aurreikusitako bonbardaketak atzera botatzea aldarrikatu zuten milaka pertsonek.

 

 

 

Izan ere, Trumpek mehatxu egin die bai Irani, baita Iraki ere. AEBetako presidenteak esan du Iranek herritar estatubatuarrei eraso eginez gero, "berehalako erantzun gogorra" emango duela. Iraki berriz, “inoiz bizi izan ez duen erasoa jasango duela” ohartarazi dio. Mezu hori bota zuen, igandean Irakeko Parlamentuak herrialdean dauden indar militar estatubatuar guztiak kanporatzearen alde bozkatu zuela eta.