argia.eus
INPRIMATU
AEBek Hamasi leporatu nahi diote su-etena ez adostearen errua
  • Hamasek akordio proposamenari egindako aldaketa batzuk “ez dira egingarriak”, AEBetako Estatu idazkariaren arabera. Israelek ere ez du ofizialki onartu proposamena, baina AEBek Hamas aurkezten dute oztopo bakar gisa.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 14a
AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken. Argazkia: AP

Gazan su-etena lortzeko bidean, mahai gainean dago Joe Biden AEBetako presidenteak egindako akordio proposamena. Bidenen hitzetan “armada israeldarra Gazatik ateratzea eta su-eten iraunkorra” ekarriko lituzke proposamenak, hiru fasetan. Hamasek eta Israelek ez dute ofizialki onartu, eta Hamasek akordioan aldaketa batzuk proposatu ditu. Hainbat adituren arabera, ez da akordio errealista. Izan ere, sionistek askotan adierazi dute edonola ere “gerrarekin” aurrera jarraituko dutela, baita azken proposamena aurkeztu ostean ere. Baina AEBek Hamas aurkeztu nahi dute erantzule gisa, su-etenerako oztopo bakarra milizia palestinarra balitz bezala.

Hamasek “positibotzat” hartu zuen Bidenen proposamena, aurkeztu eta gutxira egindako behin-behineko adierazpenetan. Hala ere, aldaketa batzuk egin dizkio akordio proposamenari. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak adierazi du Hamasen aldaketa batzuk “egingarriak” direla, baina beste batzuk ez. “Hamasen erantzunaren ondorioz aurrera jarraituko du Israel Gazan egiten ari den gerrak”. Hamasen hitzetan, haien erantzunak lehentasuna ematen dio “Gazako erasoak guztiz gelditzeari eta sionistak Gazako zerrenda osotik ateratzeari”.

Ez dago argi zein diren eztabaida puntuak Hamasen eta AEBen proposamenaren artean. Bidenek esan zuen haien proposamena Hamasek maiatza hasieran onartutako proposamenaren berbera zela, eta orain ere onartu beharko lukeela. Milizia palestinarrak argitu du haiek maiatzean onartu zutena Qatar eta Egipto bitartekariek egindako proposamena zela, ez orain aurkeztutakoa. Bidenen azken proposamenak Israelek egindako aldaketak barne hartzen ditu, eta horien inguruko aldaketak proposatu ditu Hamasek, jakinarazi dutenez. Hamasek Blinkeni leporatu dio Israelgo Atzerri ministroaren papera hartu izana, ez bitartekariarena.

Errua banatzera jolasten

Israelgo agintari batek adierazi du Hamas eraman nahi dutela onartzera Bidenek egindako jatorrizko proposamena, aldaketarik gabe, eta ordura arte ez dela Israelgo ordezkaritzarik bidaliko Kairo edo Dohara, negoziaketekin jarraitzeko. Hala ere, Israelek ez dio erantzun ofizialik eman AEBen proposamenari, nahiz eta Blinkenen adierazpenetan ulertu daitekeen Hamas dela baiezkoa eman ez duen bakarra. Proposamena aurkeztu ostean, Israelgo lehen ministro Netanyahuk esan du “akordioarekin ala gabe” aurrera jarraituko duela oldarraldiak, helburu guztiak bete arte. Hamas “guztiz suntsitzea” eta bere gaitasun militarrak eta gobernantza gaitasunak deuseztatzea dira Netanyahuk aipatutako helburuak, baina hainbat adituk ohartarazi dute “ezinezkoa dela” horiek lortzea.

Daniel Levy US Middle East Projecteko lehendakaria da eta Israelgo negoziaketa taldean egon zen 1990ean. Al Jazeerarekin hitz egin du azken egunetan, eta adierazi du Blinken ez dela zintzoa izaten ari. “Ez da benetan akordioa lortzeko saiakera bat, fokoa aldatzekoa baizik, erru joko bilakatu, Hamas erantzule gisa aurkezteko”. Levyren hitzetan, impasse egoera da egungoa. Hamasek soilik onartuko du akordioa su-eten iraunkorra ekartzen badu, eta Israelek ez du su-etenik nahi “edozein terminotan dela ere”. Gainera Israelen su-etenaren alde egon zitezkeenek gobernua utzi dute, Benny Gantz ministroak kasu. “Benny Gantz ez da bakezalea, ez dago nazioarteko legediaren alde eta gerra babestu du orain arte”, baina Netanyahuren gobernuari kontrapisu apur bat egin ziezaiokeen bakarra da, Levyren arabera.