argia.eus
INPRIMATU
AEBek gomazko pilotekin eta gas negar-eragilearekin erantzun diete igandean migratzaileei
  • Astebete baino gehiago daramate Tijuanan, muga zeharkatu nahian. Trumpek 6.000 militar baino gehiago ditu bertan. Igandean muga igarotzen ahalegindu ziren, eta gogor erantzun zuten AEBek.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 27a
Argazkia: @albertopradilla

Igande arratsaldean tentsio handia izan zen Tijuanan, Mexikoren eta AEBen arteko mugan. Azaroaren 18ko asteburuan iritsi zen azken migratzaile multzoa bertara. Orotara, sei mila lagun inguru daude bertan. Mexikar batzuk aldiz, kexu dira: ez dituzte bertan nahi, ez dute hiriaren erdigunean aterpea hartzerik nahi. Ia eguneroko kontua bihurtzen ari dira hauen manifestazioak.

Hilabete baino gehiago igaro da Hondurastik eta El Salvadorretik irten zirenetik. 12.000 pertsona inguru zirela esan zen, baina egun, Tijuanan 6.000 aurkitzen dira. Beste batzuk ekialdean daude, Rio Grande ibaiaren ur ertzean –Trumpek alanbrezko hesia ezarri du bertan–. Nazioartean erabilienetakoa den muga da San Ysidrokoa –egunean 90.000 pertsonak gurutzatzen dute–, eta hau ere denboraldi batean itxita egongo da Trumpek hala erabakita, Democracy Now hedabideak jakinarazi duenez.

“Hesia zulatu eta ehunka migratzaile ziztu bizian hasi ziren muga igarotzen”, adierazi du Alberto Pradilla kazetariak Plaza Pública-ren webgunean. Dena dela, ondo prestatuta daudela erakutsi zuten AEBen Border Patrol-ek. Gas negar-eragilearekin eta pilotazko gomekin erantzun irmoa eman zuten, migratzaileei arnasa hartzea oztopatuz. Tartean emakume eta ume asko zeuden.

Tentsioa ugaritu eta Mexikoko Poliziak esku hartu zuen, istiluen kontrako polizia karga handia mugara bidaliz. “Asaldatuta” zeuden 40 migratzaile inguru atxilotu zituzten. AEBek esan dute atxilotutako migratzaileak berehala deportatuko dituela. Mexikori ere gauza bera egiteko eskatu dio.

Batzuk jada beste aldean dira

Buzzfeed webguneko kazetari batek jaso duenez, 30 lagun inguru AEBen lurraldean dira dagoeneko. Legearen barruan –Trumpek tramite hauek ez zituela onartuko esan zuen– asiloa eskatzea da hauen helburua. Ikusteke dago lortuko duten ala ez, tramitazioaren iraupena bikoiztu egin baita.

 

776 witter.com/