argia.eus
INPRIMATU
AEBek eztandarazi zituzten Nord Streameko gasoduktuak, Pulitzerra irabazitako Hersh kazetariaren arabera
  • Pulitzer kazetaritza sari ospetsua irabazia duen Seymour Hersh kazetari estatubatuarrak eman du albistea erreportaje luze eta sakonean, bere esanetan operazioa ondo ezagutzen duen iturri anonimo batean oinarrituta. Hartan azaltzen da nola AEBetan aspaldi ari ziren gasoduktuaren aurka egin nahian, eta nola bideratu zen irailaren 26an gasoduktua lehertu zuen operazioa.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko otsailaren 09a

Errusiatik Alemaniara gasa eramaten zuen Nord Stream 1eko gasoduktua 2010ean eraiki zuten bi herrialdeen artean, Errusiako gasarekin Alemania eta Europako beste herrialde batzuk gasez hornitzeko. Hamarkada batean herrialde biek gogotik atera diote etekina azpiegitura erraldoiari, gas hori Alemaniako ekonomiaren motorra izan baita, batetik, eta bestetik, gasaren etekinak Errusiako altxorra gogotik berotu du. 2018an hasi ziren Nord Stream 2ko lanak, baina oraindik indarrean sartu gabe zegoen, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren Alemaniak ez erabiltzeko agindua eman zuelako.

Hershek azaltzen duenez, AEBek hasieratik ikusi zuen mehatxu gisa Nord Streameko gasoduktua, Alemania eta bere gainerako aliatu europarren Errusiarekiko menpekotasuna areagotuko baitzuen batetik, eta bestetik, AEBetatik urruntzeko arriskua zegoelako. Hershek dioenaz gain, AEBak sarritan izan dira horren kexu. Besteak beste, frackingaren ondorioz, AEBek bazuten gas ugari etxerako zein Europako herrialdeentzat.

Errusiako gas iturria itxi ondoren ikusi den moduan, ordea, europarrei itsasontzietan garraiatu behar den AEBetako gas likidoa Errusiakoa baino lau aldiz garestiago ateratzen zaie. Horrez gain, gasaren diruak Errusia aski indartzen zuen. AEBek, beraz, bazuten aski arrazoi Nord Streamaren aurka egiteko, eta Joseph Biden Etxe Zurira iritsi zenean, haren aurka egiteko erabakia hartu zuen.

Erabakia

Bederatzi hilabeteko eztabaida izan zuten AEBetako hainbat segurtasun elkarteren artean gasoduktuaren aurka nola egin zezaketen erabakitzeko. Operazio erabat sekretua izan behar zen, inongo pistarik utziko ez zuena, bestela “gerra ekintzatzat” hartuko zelako , eta hori guztiz saihestu beharrekoa zen. “Kontua ez zen misioa egin behar zen ala ez erabakitzea –dio Hershek erreportajean–, baizik eta nola egin egileari buruz inongo pistarik utzi barik”.

2022aren hasieran, operazioa prestatzen ari zen lan taldeak zera jakinarazi zion Etxe Zuriari: “Badugu oliobideak zartarazteko modua”. Eta otsailaren 7an jada, Biden lehendakariak hori gerta zitekeela jakinarazi zion publikoki Olaf Scholz katzillerrerari, harekin Etxe Zurian izandako bileran: “Errusiak Ukraina inbaditzen badu... Ez da Nord Stream 2-rik izango. Amaiera jarriko diogu”.

Baina ez zen sekretupeko gaia: “Hogei egun lehenago, Nulan idazkariordeak oinarrizko antzeko mezua helarazi zuen Estatu Idazkaritzako bilera informatibo batean. Hedabide gutxi izan ziren hartan eta galdera bati erantzunez zera aipatu zuen: “Gaur oso argia izan nahi dut zuekin, Ukrainak Errusia inbaditzen badu, era batera ala bestera, Norde Stream 2k ez du aurrera jarraituko”.

Operazioa

Behin egingo zela erabakita, bakarrik falta zen noiz, non eta nola zehaztea. Erabaki zen Europako aliatu batzuek jakin behar zutela operazioaren berri, eta haietako batekin batera egingo zela operazioa, Norvegiarekin. Herrialde hori NATOren sortzaileetakoa zen, Errusiaren oso aurkakoa eta teknikoki ere prestakuntza handikoa halako operazio batean laguntzeko.

Norvegiak aholkatu zuen 2022ko NATOren Baltops maniobrak testuinguru segurua izango zirela Errusiak ez zezan operazioaren inongo susmorik izan. Maniobra horiek duela 21 urte egiten dira Itsaso Baltikoan eta era guztietako itsasontzi eta tresneria militarra erabiltzen dira bertan. AEBek beste estalpe bat ere eskaini zuten: AEBetako Seigarren Flota konbentzituko zuten maniobretan itsas-minak desaktibatzeko jarduera bat antolatzeko, Nord Streameko operazioa bideratzeko testuingurua izateko. Leherkariak tenporizadoreekin jarriko ziren, eta 48 ordutara lehertaraziko zituzten, dagoeneko maniobrak bukatu ondoren. Norvegiarren aholkuz, Danimarkako uretan dagoen Bornholm irlako uretan egingo zen erasoa, han urak ez dira 80 metroko sakonerara iristen eta, gainera, uraren korrontea txikiagoa da.

Leherketa

Dena prest zegoenean, ordea, Bidenek zalantza agertu zuen: ez ote zen nabarmenegia maniobrak bukatu eta bi egunera lehertzea gasoduktua? Etxe Zuriak leherkariak jarrita utzi nahi zituen, egoki ikustean lehertarazteko. Posible zen hori? Operazio berez konplexua gehiago zailtzen zuen horrek, ez baitzekiten AEBetako lehendakariaren agindua noiz eman zitekeen, bi astera edo hiru hilabetera, baina bai, posible zen.

Beraz, ekaineko gerra maniobretan leherkariak prest utzi zituzten eta irailaren 26an Norvegiako Itsas Armadako hegazkin batek haiek aktibatzeko sonarra zeraman buia jaurti zuen ohiko zaintza lanak egiten zituenean. Lau oliobideetako hiru lehertu zituzten eta minutu gutxira gas metanoa itsas azalean zegoen, munduan hain ezagunak egin diren burbuila erraldoiak azaleratuta.

Nor izan zen?

Mendebaldeko hedabideek berehala zabaldu zuten ez hanka ez buru zuen hipotesia: Errusia izan da erasoaren egilea. Munduaren azken hamarkadetako geopolitika jarraitu duenarentzat, ostera, AEBak ziren susmagarri nagusi. Zein interes izan zezakeen Errusiak bere urrezko oiloa akabatzeko? Bat ere ez. AEBek, aldiz, interes handiak zituzten gasoduktuarekin amaitzeko, eta operaziorako lagun gisa hartu zuen Norvegiak ere, bai. Batak zein besteak saldu ahalko zieten gasa Alemaniari eta Europako gainerako herrialdeei. Baina, horrez gain, Alemania eta Errusia lotzen zituen zilbor-heste energetikoa behin-betiko hausten zen leherketarekin.

Seymour Hersh kazetari estatubatuarraren erreportajean azaltzen da iragan irailean Europako krisi energetikoaz Antony Blyken AEBetako Estatu Idazkariari egindako galdera, eta hark nola erantzun zuen: “Aukera aparta da Errusiarekiko menpekotasun energetikoaren amaitzeko eta, beraz, Vladimir Putini bere asmo inperialetan aurrera egiteko energiaren arma kentzeko. Hori oso garrantzitsua da eta aukera estrategiko asko zabaltzen ditu datozen urteetarako”.

Gaiaz galdetuta, Etxe Zuriko eta Norvegiako agintariek erreportajean agertzen den guztia ukatu dute.