argia.eus
INPRIMATU
AEBek eta Israelek UNESCO utziko dute, Palestina barne duelako
  • AEBek eta Israelek euren erabakiaren berri eman duten egun berean, Hamas eta Al-Fatah erakunde palestinarrek adiskidetze akordioa sinatu dute Egipton.

Jon Torner Zabala @jtorner 2017ko urriaren 13a
Palestinako bandera, lehenbizikoz UNESCOren egoitzan, 2011ko abenduan.

AEBek eman dute UNESCO (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea) uzteko lehen pausoa, erakundeak "Israelen aurkako jarrera" duela-eta, eta Israelek berak jarraitu dio. Palestina UNESCOren baitan izateak eragin du bi herrialdeon haserrea.

Irina Bokova UNESCOren zuzendariak azaldu duenez, AEBek 2011n utzi zioten euren kuota ordaintzeari, erakundeak Palestina barnean hartzea onartu zuelako. AEBeta eta Israelen erabakiagatik "penatua" agertu da Bokova, eta adierazi du aldeaniztasunari kalte egiten diola: "Muturreko indarkeriaren aurkako borrokak, gorrotoari aurre hartzeko inbertsio handiagoak eskatzen dituenean hezkuntzan eta kultur-arteko elkarrizketan, AEBek gauza horiz guztiez arduratzen den agentzia uztea tamalgarria da oso".

Hamas - Al Fatah akordioa

Cairon (Egipto) sinatu duten adiskidetze akordioa medio, batasun gobernua eratzea eta hauteskunde orokorrak deitzea hitzartu dute Al Fatah alderdiak eta Hamas erakundeak, 2007tik banandurik daudenak.

Al-Fatah alderdiko ordezkari Azam al Ahmad eta Hamas mugimenduko buru Saleh al Arourik azaldu dutenez, lehen urratsa litzateke PAN Palestinako Aginte Nazionala indarzea, zeina Gazako lerrora itzuli zen pasa den urriaren 2an. Akordioaren helburuetako bat da Zisjordanian (Al Fatah-ren kontrolpean) eta Gazan (Hamas) lan egingo duen kontsentsu-gobernua eratzea. "Herriak baturik jarraitzea beste aukerarik ez daukagu", dio Al Arourik.