Airbus eta Boieng enpresen arteko merkataritza lehiaren ondorioz, 2004tik herrialde batek besteari arantzelak ezarri dizkio produktuen esportazioan. Ekainaren 15ean, muga-zerga horiek kentzea hitzartu dute.
Airbusen eta Boeingen arteko lehiak eragindako muga zergak bost urtez geldituko dira bertan behera, uztailaren 11tik aurrera. Hegazkingintza produktuei zein aeronautikari lotuta ez dauden beste hainbat gairen esportazioari (ardoa, olioa, gazta…) eragiten diete arantzelek. Ekainaren 15ean Bruselan egindako akordio bilateralean erabaki dute AEBek eta Europak elkarri ezarritako tasak indargabetuko dituztela.
Joe Biden AEBetako presidenteak, Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak asteartean onartu dituzte neurriak. Martxoan lau hilez eten zituzten arantzelak; orain, 2026ra arteko akordioa erdietsi dute, baina betirako iraungo duen erabakia izatea espero da. Europak eta AEBek bata bestearen produktuei ezarritako arantzelek 11.500 milioi dolarreko gastua dakartenez, bi aldeentzako baliagarria den merkataritza akordioa izango da.
Munduko Merkataritza Erakundearen legediaren aurka, Airbusek (Europa) lehenengo eta Boiengek (AEB) ondoren, 2004tik hainbat estaturen finantzaketa publikoa jaso izan dute. Mailegu eta laguntza horiek aeronautika konpainia zibilei emandako abantaila desleiala ekiditeko, herrialde batak besteari arantzelak ezarri dizkio aeronautika produktuetan eta bestelakoetan. Trumpek legealdian gogortu zituen horiek.
Joe Biden presidentetzara heltzearekin batera, ordea, AEBek Europarekin duten harremana bestelakoa da. Ez soilik lankidetzan jarduteko, baizik nazioarteko beste eragile batzuen hazkundea gelditzeko ere: gailurrean bildutakoek eta Katherine Tai AEBetako merkataritza ordezkariak erreferentzia egin diote Txinak nazioartean hartu duen protagonismoari. Europaren eta AEBen arteko aliantza hau Pekinen indarrari aurre egiteko prozesu baten parte gisa uler daiteke.