argia.eus
INPRIMATU
AEBek energia ekoizteko “aurkikuntza historikoa” egin dutela diote hedabideek
  • "Energia garbi, merke eta mugagabea" sortzeko fusioan "mugarri historikoa izango den aurkikuntza" egin dute AEBetan bertako hedabideek jakitera eman dutenez. Astearte arratsaldean emango dituzte xehetasunak, eta ikusteko dago ea eguzkiak energia sortzeko darabilen erreakzio nuklearra "errepikatzea" lortu duten, "gastaturiko energia baino gehiago eskuratuta".

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2022ko abenduaren 13a
Lawrence Livermore National Laboratory

Gobernu estatubatuarrak ez du hitzik egin momentuz, baina bertako hedabideek dagoeneko eman dituzte titular zabal eta ponposoak: The Washington Post-ek esaterako, "energia garbiaren aurkikuntza handia" dela dio; Financial Times-ek berriz, "energia garbiaren itxaropena" ekarri du titularrera; eta The New York Times esaterako, gurean arratsaldea deneko agerraldiari begira jarri da, argibideak emanez non eta nola jarraitu. Hedabide hauen arabera, historian lehen aldiz, munduko laser indartsuenak baliatuz eta plasmazko bola txiki bat bonbardatuta, "xahutzen den energia baino gehiago ekoiztea lortu dute" fusioa eraginez eta energia positiboa lortuta. Erreakzio nuklear jakin honen bitartez, "ez dute karbonorik isurtzen ezta hondakin erreaktiborik sortzen ere". Kaliforniako Lawrence Livermore National Laboratory-n heldu dira ustez emaitza horretara.

Halako fusioak egiten ez dute oraintsu ikasi; oraingo berrikuntza da energia irabazteko modua egin dutela. Dena den, hedabide estatubatuarren arabera, urteak beharko dira oraindik energia mota hori merkaturatzeko.