Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia txarrez, helburu zehazgabeez eta zibilen milaka heriotzekiko –horietako asko haurrak– erantzukizun faltaz beteta egon dela”, frogatu du New York Times-eko kazetari Azmat Khanek, bost urteko ikerketaren ostean.
AEBetako funtzionarioek agindu arren droneek eta beste arma sofistikatu batzuek “aire-eraso zehatzak” egitea bermatzen diela, gerra-eremuetan harrapatuta geratzen diren zibilak hiltzea saihestuz, Afganistan, Siria, Irak eta beste herrialde batzuetako gerretan milaka zibil hil dituzte azken zazpi urteetan.
Horixe ondorioztatu du Azmat Khan kazetariak bi puskatan argitaratutako The New York Times-en ikerketan, Pentagonoko barne-dokumentuak, aire-erasoen inguruko txostenetan eta bizirik atera ziren dozenaka pertsonarekin izandako elkarrizketa presentzialetan oinarritu da lanerako. Lehen parteak izena du Aire eraso hilgarrietan joera okerrak utzi dituzte agerian Pentagonoaren erregistro ezkutuek, eta bigarrenak AEBen aire guden giza kostua.
Kasu zehatz batzuk jasotzen dituzte erreportaje hauek, jarraian xehe aipatuko ditugunez batzuk:
Ali Fathi Zeidan eta bere familiako 21 kide hil zituen aire eraso batek. Gudatik ihesean ari ziren, baina familia jendetsua izaki, ezin zuten apartamentu bat topatu eta fabrika batean jarriak ziren bizitzen. AEBek aire eraso batean birrindu zuten dena uste zutelako arma kimikoak egiten zituztela bertan. Ez zen halako ezer.
2016eko uztailaren 19an, goizaldeko 3:00etan, AEBetako Operazio Berezien Unitateak bonbardatu egin zuen ustez ISISeko kideak “prestatzen ziren eremua”, Siriaren menpeko Kurdistanen. AEBek egun hartan publiko egin zuten 85 gerlari hil zituztela, baina egitan, guda eremutik urrun zeuden etxeak bonbardatu zituzten, non baserritarrak eta beren familiak zeuden babes hartuta, bonbardaketa eta tiroetatik ihesean. Ingelesezko wikipedian Tokhar-ko aire erasoak artikulu propioa du, hor jasotzen denez 56 eta 212 zibil artean hil zituzten, “familia osoak” erraustuz.
2017 hasieran Iraken, AEBen hegazkin militar batek kolore iluneko auto bat begiz jo zuen bidegurutze batean Mosulen, Wadi Hajar auzoan. Bonba auto bat zela ondorioztatu zuten eta eraso egin zioten. Barruan ez zen lehergailurik, ordea, baizik eta Majid Mahmoud Ahmed, bere emaztea eta bi haurrak –erreportajeak ez dakar beren izenik–, borroka eremu batetik ihesean ari zirenak. Familia hau eta beste hiru zibil hil zituzten.
2015eko azaroan, gizon bat “objektu pisutsu ezezagun bat” arrastaka eramaten ikusi ostean ISISen “borroka posizio defentsibo batera”, AEBetako armadak Ramadi hirian eraikin oso bati eraso egin zion. Militarrek jaso zuten txosten baten arabera, “altuera txikiko pertsona bat” –haur bat, alegia– hil zen erasoan.
Hilketa hauetako bat bera ere ez zuten ikertu, ez inor zigortu. Guztiak dira Ekialde Hurbilean 2014az geroztik egindako gudei buruz Pentagonoa jasotzen ari den fitxategi ezkutuan jasoak dauden kasuak. Askoz gehiago dira bost urtez hauek ikertzen aritu den Khanek salatu duenez.
“Dokumentu hauek –1.300 biktima zibilei buruz militarrek beraiek eginiko informe konfidentzialak– eskuratu ditu New York Times-ek eta agerian utzi du AEBetako Gobernuak ematen duen zehaztasun lehergailu eta dena ikusten duten droneen irudiaren kontrara, milaka zibil hil dituztela, asko haurrak”.
Horrez gain, erreportajeek publiko egin dute Pentagonoaren ezkutukeria zibilen heriotzen aurrean, horrek dakarren inpunitatearekin. Kazetariak idatzi du oso kasu gutxitan egin zirela publiko azterketak, ez duela kasu bakar bat ere aurkitu non irregulartasunen aurrean zigor neurririk hartu zutenik, guztira dozena bat herritarri bakarrik ordaindu zizkieten kalte-ordainak, nahiz eta eraso hauetatik bizirik irtetea lortu zuten zibil askok arreta mediku garestia behar izan, utzi zizkieten ezintasun fisikoengatik.