Txinako Gobernuak egindako “genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak” salatzeko, ez dute ordezkari diplomatikorik bidaliko neguko jokoetara, baina atletek joan ahal izango dute. Txinak irmo erantzun du: “AEBek ordaindu egingo dute boikotagatik”.
Joe Bidenen gobernuak astelehenean iragarri du AEBek boikot diplomatikoa egingo diela datorren otsaileko Pekingo Neguko Olinpiar eta Paraolinpiar Jokoei. Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak jakinarazi du ez dutela ordezkaririk bidaliko, baina atleta estatubatuarrei ez diete debekatu bertan parte hartzea.
Psakik azaldu duenez, boikotaren bidez salatu nahi dute Txinako Gobernuak “giza eskubideak urratzen” dituela. Besteak beste, aipatu ditu Hong Kongeko “demokraziaren aldeko aktibisten errepresioa” eta “Xinjiang-eko (Ekialdeko Turkestan) genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak”; martxoan AEBek genozidioaren biktimatzat jo zituen Xinjiangeko uigur musulmanak.
Momentuz, Zeelanda Berriak ere bat egin du boikot diplomatikoarekin, eta ez du ordezkaririk bidaliko.
Txinak kontra-neurriak hartuko ditu
Txinak berehala erantzun du: ukatu egin ditu akusazioak eta AEBei leporatu die “difamazio kanpaina” egitea. Zhao Lijianek, Txinako Kanpo Arazoetako Ministerioko bozeramaileak, ohartarazi die boikotagatik “ordaindu” egingo dutela. Bideni eskatu dio neurria bertan behera uzteko, ez dezan eragin Txina eta AEBen arteko hartu-emanean; bestela, “kontra-neurri irmoak” hartuko dituzte. Ikusteko dago nola eragingo dien Txina eta AEBen arteko tentsioak 2022ko Pekingo Olinpiar eta Paraolinpiar Jokoei.