Sortuko idazkari nagusi Arnaldo Otegik ezin izan du La Habanan Fidel Castroren omenez eginiko ekitaldira joan. Hartu beharreko hegazkinak AEBetako aire eremua zeharkatu behar zuen eta debekatu egin diote hegazkina hartzea. Estatubatuarrek terrorismo delituengatik zigortuta egon izana arrazoitu dute.
Sortuk adierazi duenez, Otegik Biarritzeko aireportuan hartu behar zuen hegaldia, lehenik Parisera eta ondoren La Habanara joateko. Sortuko idazkari nagusiak ezin izan du kontrola pasa. Sortuk nazioarteko gaiez arduratzen den Asier Altuna buru duen delegazioa bidali du omenaldira.
Otegik debekuaren berri eman duen komunikatuan doluminak bidali dizkie Kubako herriari, bertako alderdi komunistari eta Fidel Castroren sendiari. “Bat gatoz berak inspiratu zuen justizia sozialean, internazionalismoan eta askatasunean oinarrituriko ideiekin”, gehitu du.
Estatu Batuetako aire eremuan sartzea debekatua dudalako, ezingo naiz Kuban izan.#Cuba #LaHabana #FidelCastro pic.twitter.com/KZWx3RojCy
— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) 29 de noviembre de 2016