Hamasek salatu du talde islamistak aurretik onartutako akordio proposamenetan Israelgo lehen ministro Netanyahuk baldintza berriak jarri dituela. Iran su-etenaren alde agertu da, baina Israel “zigortzeko eskubidea” aipatu dute, uztailaren 31n Hamaseko buruzagi Ismail Haniyeh-ren hilketaren ondoren.
AEBetako estatu idazkari Antony Blinkenek igandean bederatzigarren aldiz bidaiatu du Israelera genozidioa hasi zenetik. Astelehenean, Israelgo presidente Isaac Herzog, Defentsa ministro Yoav Galant eta lehen ministro Benjamin Netanyahurekin bildu da Tel Aviv-en, eta Blinkenek akordio bat lortzeko “premia” erakutsi du: “Une erabakigarria da, seguruenik aukerarik onena, agian azkena, bahituak etxera ekartzeko, su-etena lortzeko, eta bake eta segurtasun iraunkorrera iristeko".
Blinkenek Netanyahurekin izandako bileran adierazi du horrek onartu egin duela AEBek iragan astean Dohako negoziazioetan planteatutako "trantsizio proposamena", eta orain “hurrengo urrats garrantzitsua Hamasek baietz esatea” dela. “Aldeek, bitartekarien laguntzarekin, AEB, Egipto eta Qatar, bat egin behar dute, eta akordio honen pean hartu dituzten konpromisoak nola ezarriko dituzten argi eta garbi ulertzeko prozesua osatu behar dute”, adierazi du Blinkenek.
Hamaseko bulego politikoko buruaren prentsa-aholkulari Taher Al-Nono-k Blinkenen adierazpenen ondoren erantzuna eman du, eta adierazi du horiek “egiaren aurkakoak” direla. Hamasek salatu du AEBek ekainean eta uztailean proposatutako akordio zirriborroei dagokionez, beraiek onartu egin zutela eta Netanyahuk arbuiatu egin zuela, eta Israelgo lehen ministroari baldintza berriak jartzea leporatu diote. Axios komunikabideak informatu du Hamasek dioela estatubatuarren proposamenarekin Israelgo indarrek "Netzarim korridorea" kontrolatuko luketela –Gaza iparraldetik hegoaldera banatzen duena–, eta baita Rafahko bidegurutzea eta Filadelphi korridorea ere –Egiptoko mugan dagoena–, Al Jazeera komunikabideak jaso duenez. Erakunde palestinarrak dio aurreko proposamenek beren bi eskaera nagusiak jasotzen dituztela: su-eten integrala eta armada palestinar lurraldeetatik erabat erretiratzea. “Erabateko su-etenik gabe, ez dugu akordiorik onartuko. Blinkenen adierazpenak okupaziorako joeraren parte dira, eta krimenak estaltzen dituzte”, adierazi du aipaturiko palestinar prentsa-aholkulariak.
Hezbollahk mendeku zina, eta Iranek “erasotzailea zigortzeko legezko eskubidea”
Azken asteotan AEB buru duen nazioarteko komunitateak ahaleginak egin ditu Gazako Zerrendan akordio bat lortzeko. Blinkenek akordio bat lortzeko “premia” erakutsi du, eskualdeko testuingurua dela eta. Israelek Ismail Haniyeh Hamaseko buruzagia hil zuen uztailaren 31n Teheranen (Iran), eta egun bat lehenago Hezbollahko buruzagi militar gorena Fuad Shukr hil zuen Beiruten (Libano) egindako bonbardaketa batean. Talde xiitak –Iranen aliatu dena– mendeku zina egin eta erasoak areagotu zituen, La Vanguardiak jaso duenez.
Iraneko Kanpo Harremanetarako Ministerioaren bozeramaile Nasser Kanaani-k prentsaurreko bat eman du, eta nahiz eta su-etenaren alde agertu den, esan du ez duela zerikusirik “Iranek erasotzailea zigortzeko duen legezko eskubidearekin”. “Iranek bere eskubideak baliatzeko, erasotzailea zigortzeko, eta erregimen terrorista baten aurkako disuasioa sortzeko duen legezko eskubidea azpimarratzen dugu. Une egokian egingo dugu”, adierazi du Kanaani-k. Irandar bozeramaileak adierazi du “erasotzailea zigortzea bakeari laguntzen dion ekintza” dela, eta Israelekin “zuzenean harremanak ez” dituztela izango.
Kanaani-k adierazi du Iranek ez duela bilatzen “eskualdean segurtasunik eza areagotzea”, eta AEBen eta Israelen ardura azpimarratu du su-etena lortzeko saiakeran. “AEBetako gobernuak frogatu behar du negoziazio horiek egitea bere helburuak lortzeko maniobra politikoa den, eta denbora irabazteko den erregimen sionistak herri palestinarraren sarraskiarekin jarrai dezan, edo benetan su-eten bat ezartzeko baldintzak sortzea duen helburu”, adierazi du aipaturiko irandar bozeramaileak.
Kairon bilera berria
Aurreikusi dute asteartean Blinken Egiptora joango dela, eta negoziazioak betetzeko falta diren bilerak asteazkenean edo ostegunean hasiko direla berriro Kairon, elDiario.es komunikabidean irakur daitekeenez. Nahiz eta Blinkenek adierazi duen Netanyahuk “trantsizio proposamena” onartu duela, Hamasen eta Israelen arteko desadostasunak daude. Hamasek uste du Netanyahuk bitartekarien “ahaleginak zapuzteko ardura osoa duela”, eta Israelgo lehen ministroak adierazi du Hamasek “ordezkari bat ere ez” zuela bidali Dohan izandako elkarrizketetara, eta presioa Hamasi eta Yahya Sinwar-i –Hamaseko egungo buruzagia Gazako Zerrendan– zuzendu behar zaiola, “ez Israelgo Gobernuari". Hamasek salatu du AEBak aurreko proposamen baten baldintzak aldatzen ari direla, talde islamista “akordioa lortzeko oztopo nagusi erretratatzeko ahaleginean” Netanyahuren ordez, Al Jazeerak jaso duenez.
Urriaren 7tik 40.000 hildako eta 92.000 zauritu inguru izan dira Palestinan, Públicok informatu duenez.